GARA Euskal Herriko egunkaria
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

...eta Adam Ondrarekin 9c maila iritsi zen


Zalantzarik gabe, “Silence” 9c baino gehiago da. Munduan egin den lehen 9c zailtasuneko bidea da, baina uste dugu Bernardo Gimenez zuzendariaren dokumental honek baduela plus bat. 9c hori gure belarriek lehen aldiz entzun zutenean, ondorioztatu genuen balentria edo gertaera historiko baten aurrean geundela. Jakina, Adam Ondrak kirol eskaladan lortu zuena. Baina “Silence” ikusi ondoren, buruak hiru irudi interpretatzen ditu. Lehena, “isiltasuna”. Hots, Ondrak Flatanger-eko (Norvegia) marra hori kateatu zuen unekoa. Historia egin zuen arren, eskalatzaile txekiarra isil-isilik geratu zen. Alegia, eskalada hori ez zuen ospatu. Horregatik ez gaitu harritzen marrari “Silence” deitzea.

Bigarrena, berriz, Gimenezek jarduera horren inguruan biribildutako prozesua da. Hasieratik amaieraraino irudiak eta adierazpenak nahasten ditu. Ez da soilik kirol ariketa bat, Ondrak “Silence”-n eginiko ibilbide gorabeheratsua ere bada.

Eta hirugarrenik eta azkenik, txekiarrak 2017. urteko irailaren 3an bost minutuz marra horretan egin zuen eskalada. Alde guztietatik begiratuta, harrigarria. Agian, hitz horrekin motz geratzen gara; izan ere, 9c hori era egoki batean barneratzea zaila baino zailagoa da. Ondrak kirol eskaladaren beste dimentsio batera eramaten gaitu. Mugimendu eta sekuentzia batzuk nola gainditzen dituen ikustea arrazionaltasunetik at dago. Mugimendu gogorrak, muturrekoak... Ondraren DNAk jasotzen ditu: «Mugimendu gogorren zale sutsua naiz».

Horrekin ez dugu zalantzarik, baina bide batez bere jarrera soila azpimarratuko genuke.