MAY. 19 2020 BERROGEIALDIRAKO TELESAILAK Gilead errepublika Markel MINER Duela hiru bat urte, Margareth Atwood idazle kanadarraren eleberri motzean oinarritutako “Handmaid’s tale” (“El cuento de la criada”, gaztelaniaz) telesailaren estreinaldiak Hollywoodeko ekoizpen handi baten oihartzuna izan zuen. Behin eta berriz gomendatzen zizuten, ikusi beharreko telesaila zelako, etorkizun gertu batean gerta zitekeelako... eta Gilead errepublika diktatoriala modan jarri zen berriz, kontuan izan gabe literatura distopikoaren klasiko baten aurrean geundela. Aitortu beharra dago lehenengo denboraldiak liburuaren espiritua islatu zuela erabat. Hurrengo bi denboraldiei buruz ez genuke beste horrenbeste esango, baina, halere, aitor dezagun Atwooden eskua gidoietan argi ikusten dela. Hiru denboraldiak ikusteko aukera izan ez zutenek, HBOn eta Amazonen eskuratu ditzakete berriz; Amazonen, gainera, maiatzean hirurak eskuragarri daude. Eta Margareth Atwood gustukoa baduzue, irakur ezazue faborez “The testaments” (Salamandra eta Lafont, 2019).