JUN. 08 2020 Belauna Jon GARMENDIA «TXURIA» Idazlea Minneapolisen, AEBetan, Al Sharptonek egindako diskurtsoak munduari itzulia egin dio denbora gutxian. Eskubide zibilen aldeko borrokan ezaguna den gizon honek Poliziak hildako George Floyden hileta-elizkizunean erran zigun 401 urte zirela jada «zuen belaunak gure lepoa zapaltzen dutela». Afro-amerikarrei, eskoletan, enpresetan, bizitzan aurrera egitea eragotzi diela lepo gainean belaun bat izateak. Gure belaunak. Michael Jordan ekarri zuen gogora, hainbeste lorpen izanda ere, haren kontrako argudioen xerka jarraitu genuelako, ezin baikenuen gure belauna haien lepotik kendu; etxekoandre zuriak telebista aitzinean emakume beltz bat ikusteko, Oprah Winfrey, talentuz betea, paregabea, baina haren kontrako hitzak nonahi; ezin belauna altxa; Obama presidente, eta denak haren sortze agirien galdezka. Azal beltzekoa beti susmagarri, beti arriskutsu, agian hargatik baitarabilgu belauna haien lepoa zapaltzeko. Liliam Thuram frantziar futbolari ohiak askotan aipatu gisa, azal zurikook sarritan agertzen baitugu beltzekoei diegun beldurra, baina gutaz izu beraiek dira. Errealitate mingarria. Era berean, sermoian, istiluei, manifestaldietan izandako lapurretei heldu zien Sharptonek, erranaz ez zituela begi onez ikusten, arazorik ez zuela haiek deitoratzeko, baina ezin zela ahantzi nondik sortu zen hura guztia. Sorburua zela garrantzitsua, ez gertakaria. Diferentzia baitago bakearen eta isiltasunaren artean, eta afro-amerikarrak ez dituzte nahi bakean, baizik isilik, zaratarik egin gabe. Tira, Sharpton entzun arau, konplexuak azaleratu zaizkit, hau bera, belauna lepoan dugula, euskaldunoi buruz erranen duen sermoigilea noiz agertuko zain bainago oraino. Etxekoandre zuriak telebista aitzinean emakume beltz bat ikusteko, Oprah Winfrey, talentuz betea, paregabea, baina haren kontrako hitzak nonahi