JUN. 17 2020 Milaka arigune osatzen ari dira aurtengo Euskaraldi berrirako Aurtengo Euskaraldiaren ediziorako «sektore eta mota guztietako» ehunka enpresa, erakunde eta elkartek «milaka» arigune osatu dituzte jada, Euskaraldiko ordezkariek atzo Donostian emandako prentsaurrekoan iragarri zutenez. «Euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen die Euskaraldiak, eskoletan egiten den lanari babesa ematen dio eta aisialdi zein lan munduan aritzeko aukera ematen du», azpimarratu zuen Kike Amonarrizek. GARA DONOSTIA Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren ediziorako prestatzen ari dira dagoeneko hainbat entitate. Ariguneak sortu dituzte, euskaraz aritzeko gune edo talde babestuak, aurtengo ariketaren berrikuntza nagusiari helduta. Ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundetako ordezkariak (Euskaltel, Fagor eta Super Amara Bera Bera) eta Euskaraldiko ordezkariak bildu ziren atzo Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian, eta, bertan, dei egin zieten Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei ariguneak osatu, saretu eta babes ditzaten. Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte irekita egongo dela azaldu zuten prentsaurrekoan, eta irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia. Euskaraldian parte hartzen duten entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituztela azaldu zuen atzo Donostian Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak: «Euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera emango die Euskaraldiak. Eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan munduan euskaraz aritzeko aukera eskainiko du, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egin eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa emateko aukera izango dute». Koronabirusaren krisiak sortutako egoeran, sareak sortu eta elkar babesteko beharra areagotu egin dela ere nabarmendu zuen Amonarrizek. Aurkezpenean azaldu zutenez, arrazoi eta motibazio ezberdinetatik hurbiltzen ari dira orain arte izena eman duten erakundeak Euskaraldira. Batzuek aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena emateko asmoa dute. Beste batzuek, aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortu nahi dituzte. Askotariko entitateak Ariguneak sortu dituztenen artean daude Euskaltel, Fagor eta Super Amara Bera Bera. Euskalteleko zuzendari Xabier Iturbek aurkezpenean nabarmendu zuenez, hamazazpi urte dira jada enpresan euskararen erabilera bultzatzen ari direla. «Horren baitan, Euskaraldiaren lehenengo edizioan erakunde sustatzailea izan ginen moduan, aurtengo bigarren edizioari begira ariguneak identifikatzeko lanean murgilduta gabiltza. Horrela, joan den apirilean beroketa moduan hartu genuen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena Euskalteleko ahobizi eta belarriprest guztiok», azaldu zuen Iturbek. Fagor taldean, bestalde, hogei urte baino gehiago daramatzate euskararen garapena eta iraunkortasuna bultzatzen. Euskal Herriko lantegietan dituzten 5.000 langileetatik %80k baino gehiagok euskara ulertzen dutela azpimarratu zuen Leire Okarantza Gizarte Kudeaketako arduradunak. Azkenik, Super Amara Bera Bera kirol klubeko ordezkariak, Jabier Oterminek, taldeak barne zein kanpo ariguneak sortu eta Euskaraldian parte hartuko duela azaldu zuen, egunerokotasunean kirol talde modura lantzen dituzten balioekin bat egiten duelako: «Bera Beran ere euskarari behar duen garrantzia eman behar diogu. Izan ere, kirolak harremanak sustatzen ditu eta Euskal Herriko erreferentziako taldea gara». Herri batzordeetan izena emateko epea martxan dagoela ere gogora ekarri zuen atzokoan Arrate Illaro koordinatzaileak (ekainaren 27ra arte dago zabalik). 2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko 405 udalerritan jarri ziren martxan batzordeak. HERRI BATZORDEAKEuskaraldiko herri batzordeetan izena emateko epea zabalik dago jada, ekainaren 27ra arte. 2018ko Euskaraldian Euskal Herri osoko 405 udalerritan jarri ziren martxan batzordeak.