JUL. 13 2020 Begira Jon GARMENDIA Idazlea Maite dut zuri begira egotea» entzun duzu distantzia laburrean, eta esaldiari begiratu diozu arretaz zuk, ganibeta hartuta perpausari autopsia egin behar balitzaio bezala, hitz-multzoaren zentzua atzeman nahian. Begira egoteak ez baitu ezertarako balio izan nehoiz, egoaren elikadura sustatzeko ez bada, batetik bestera igortzen diren mezu okerren sortzeko. Saiatu zara memoriara ekartzen begirada baten magnetismoaz mintzo zen liburua, baina ez duzu autorea oroitu eta ezta zuzenki zer zioen ere. Askotan, esku artetik pasatzen diren hitz bildumek ez baitute denbora pasatzen laguntzeko ahalmena ere ahalbidetzen, ez eska haiei arrastoa uztea zugan, edo tira, apika zure ikuskera eskasean datza errua, atentzioa eskaintzeko lokarrituegi zaudelako Cronoren besoetatik ihesi, ordena jarri nahian igitaia hartzeko ahalke. Oroitzen dituzu, halere, begira egon ordez ikusten zintuzten haiek, zuk ere ikusten zenituen, nondik eta nora, noraino; sakoneraino heltzen diren irisek bakarrik dutelako botere apur bat, ezagutzaren margolana haiek tindatuko dute soilik. Funtsean, ikusten dakienak baino ez du ortzi muga zain, besteak itsu kuadrillakoak gara, begira egoten ohituta gauden larreko artalde. Ez dela begira egoteko garaia erran diozu zure buruari azkenean, ikusten hastekoa baizik, ikusten saiatzekoa bestela. Ikusten dakienakbaino ez duortzi muga zain. Besteak itsukuadrillakoak gara,begira egoten ohitutagauden larrekoartalde