JUL. 28 2020 Oinatzak Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Bermeora heldu omen zen San Joan Bataiatzailea. Pilatosek etxea omen zuen herrian eta bertan moztu zioten burua San Joani. Hori dio kontu zaharrak. Arene auzoko emakume batek zioen, burua mozterakoan, oiloei gertatu bezala jazo zitzaiola santuari, alegia, jauzika hasi zela. Hiru jauzitan Gaztelugatxeko baselizara heldu omen zen, eta, bertan, haren burua gordetzen ei da. Jauzi horien lekuko San Joanen oinatzak gordetzen dira, Bermeotik Gaztelugatxera. Anton Erkorekak biltzen du istorio hori “Leyendas, cuentos y Supersticiones. Etnografia de Bermeo 3” liburuan. Gaztelugatxera arima penatuak ere badoaz; eta, bidea gauez eginez gero, bateren batekin topo egiteko aukera izango duzu. Hori gertatuz gero, ez duzu agurtu behar. Zalantzarik izanez gero aurretik doana ona edo gaiztoa den, hauxe galdetu behar zaio: «Parte onekoa edo parte txarrekoa zara?». Eta harekin bidea eginez gero, defuntuak beti aurretik joan behar du, «ostentxian seuk erum bisu lepun San Juanerarte». Gaztelugatxeko kultur paisaiaren osagarriak dira hauek. Kultur ondare immateriala. Izan ere, lekuak ez dira bakarrik ikusten direnarekin osatzen, entzuten denarekin ere, herritarren oroimen fantastiko eta magikoarekin. Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxe babes bereziko kultur ondasun izendatu du, tartean bertako ipuinak eta istorioak. Tamalez, turismo eredu suntsitzailea bultzatu ondoren etorri da. Parte onekoak edo parte txarrekoak diren galdetu beharko genieke. Bitartean zaindu ditzagun harrizko oinatzak, gure kulturaren oinatzak. Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxe babes bereziko kultur ondasun izendatu du, tartean bertako ipuinak eta istorioak. Tamalez, turismo eredu suntsitzailea bultzatu ondoren etorri da.