JUL. 31 2020 Interview JUANLU CAMARERO KATXETAS TABERNA (LIZARRA) «Bezeroek pazientzia handiagoa dute» Covid-19 agerraldiak ugaritzen ari dira lurraldez lurralde. Zer moduz daramazue egoera arraro hau Katxetas tabernan? Egia esan lan asko egiten ari gara: mahaien garbiketa, maskarak, bezeroekin harremana… Lan gehiago da. Ondo eramaten dugu, bezeroek ulertzen dute egoera eta pazientzia handiagoa dute orain. Laneko egoera ona da, uste dugulako dena ondo betetzen dugula eta bezeroak pozik daudelako. Hala ere, egunero desberdina da. Azken finean ez dakigu zer gertatuko den, zenbat jende etorriko den... Lehen konstanteagoa zen, orain ez. Egoerak okerrera egingo duen beldurrik baduzue? Langile moduan bai, eta taberna eramateko orduan baita. Baina ikusten dugu hona etortzen den jende gehiena gaztea dela, eta batzuetan nabaritzen da ez daukatela inolako beldurrik. Bezeroak etortzen denean beldurrik ez badu, gaztea delako, azkenean hori kutsatzen dizu. Helduek bai, beldur gehiago dute. Baina gu Lizarran gaude, orain arte ez da ia ezer gertatu, eta, orduan, hemen ez dago beldurrik. Uda izan ohi da ostalaritzarentzako urtarorik garrantzitsuena. Aipatu duzu lanean ondo ari zaretela. Udan ere horrela jarraitzea espero duzue? Beste toki askotan bezala, guk ere kanpotik etortzen den jendearekin funtzionatzen dugu. Momentuz egia da kanpinak beteta daudela, eta hori nabari da. Horrela jarraitzen badugu, gu pozik egongo gara. Baina nire ustez kontua egunerokotasuna da, eta ez dakigu gaur zer gertatuko den edo bihar zer gertatuko den. Horregatik, oso zaila da esatea uda zer moduz joango zaigun. Aste honetan jaiak izan beharko lirateke, baina ez dira izango, ez da ezer berezirik egingo. Erdi Aroko astea ere ez da egin eta horrek ere mugimendu handia sortzen du. Nabari da hori guztia falta dela.