MAR. 17 2021 Migranteen atxiloketak eta kanporaketak ugaritu dira Lapurdin Migranteak laguntzen lan egiten duten abokatuek eta Diakite, Etorkinekin eta Cimade elkarteek Gobernu frantsesak daraman politikak dakartzan legez kontrako jokamoldeak salatu zituzten atzo Baionan egindako agerraldian. Atxiloketak eta migranteen eskubideak errespetatzen ez dituzten kanporaketak asko ugaritu direla nabarmendu zuten. Idoia ERASO BAIONA «Orain arte Euskal Herrian ikusi gabeko jokabideak ematen ari dira. Italian baziren horrelakoak, baina hemen ez». Baieztapen irmo horrekin irudikatu zuen egungo egoeraren larritasuna Diakite elkarteko Lucie Bortayrouk. Migranteen etorrera azkartzen ari den unean, tentsioa areagotzen ari da, bai indar armatuen jokabideengatik, bai Baionan etorkinei harrera egiten dien Pausa zentroan toki eskasia izan delako azken egunotan aspaldiko partez. Gipuzkoako mugan eta Baionaraino heltzea lortzen duten migranteekin indar armatuak izaten ari diren jokabidea ikusita, Francisco Sanchez Rodriguez abokatuak argiki salatu zuen: «Frantziaren jokamoldea legez kontrakoa da». 2020an migranteen kopuruak %30 eta %40 artean behera egin bazuen ere, Gobernu frantsesak bere politika asko gogortu du. Horren erakusle, muga kontrolatzeko indar armatuen presentzia bikoiztu egin du: 2.400 agente izatetik 4.800 izatera. «Armadak mugak blokeatu ditu», baieztatu zuen Bortayrouk. Egoeraren laburpena egin zuen, Lapurdiko mugako etengabeko kontrolek azken asteetan heldutako migrante ugari Irun aldean blokeatuta geratzea eragin duela nabarmenduz. Hori bai, muga zeharkatzea lortzen dutenekin Polizia frantsesa izaten ari den jokabidea ere salatu zuen. «Jendea zuzenean kanporatu egiten dute, legedia errespetatu gabe, eta trenetan eta tren geltokietan atxiloketak ugaritzen ari dira», salatu zuen. Atxilotzen dituztenak zuzenean kanporatzen ez dituzten kasuetan, polizia etxeetan atxikitzen dituzte batzuetan gero kanporatzeko. Horrela eginda, erretentzio zentroetara eramanez gero izango lituzketen eskubideak betetzea saihesten dute. Hendaiako erretentzio zentroa beteta dago uneotan. Alde batetik, covid-19a dela-eta edukiera txikitu egin da. Bestetik, aldaketak egon dira, eta, adibidez, emakumeentzako tokirik ez da. Adin txikikoekiko jokabidea salatu zuten bereziki. Izan ere, harrera egitera behartuta dago Estatu frantsesa, baina betekizun hori errespetatu gabe kanporatzen dituzte. Aurreko astean gertatutako kasu larri bat aipatu zuten: hilabete gutxiko jaioberri batekin eta bi haur txikirekin heldutako emakume bat Irunera kanporatu zuten. Behin Baionara heldutakoan ere, batzuetan baita Pausa zentroan egon eta gero ere, etorkinak trenetan eta tren geltokietan egiten dituzten etengabeko kontrolen atxilotzen dituztela jakinarazi zuten. «Azalaren kolorearen araberako kontrolak» egiten direla eta ia egunero atxiloketak izaten direla salatu zuten, bai Baionan bertan, bai behin bidaian aurrerago eginda ere, Bordelen edo Parisen kasu. Migranteen kopurua handitzearen ondorioz, Baionako Pausa zentroa gainezka dago, eta aspaldiko partez 130 pertsona ingururi egin behar izan diete harrera. Lehen 200 pertsona baino gehiago artatzeko tokia baldin bazegoen ere, covid-19aren pandemiaren ondorioz tokiak gutxitu egin dira, eta gehieneko edukierara heldu dira jada behin baino gehiagotan. Aurreko astean, pertsona batzuk boluntarioek lagundu behar izan zituzten gaua kalean pasa ez zezaten. Egoera ikusita, erakundeekin harremanetan jarri dira urgentziazko beste tokiren bat egokitu dezaten eskatzeko. Baionako Herriko Etxearekin eta Euskal Elkargoarekin batera Pausa zentroaren kudeaketa eramaten zuen lehen Diakite elkarteak. Egun, berriz, larunbat eta igande arratsaldeetan janaria, jantziak, lehen mailako osasun zaintza eta gomendioak eskaintzen ditu zentroaren alboan den Zizpa gaztetxean. Estatu frantsesak «oinarrizko eskubideak» ez dituela errespetatzen salatu zuen fermuki Sanchez Rodriguezek agerraldian, eta adingabeen babeserako nazioarteko legeak izan zituen gogoan bereziki. Migranteen egoera erregularizatzeko oztopo administratiboak are gehiago zaildu dituztela ere salatu zuten, bai abokatuek, bai laguntza legala eskaintzen duen Cimade elkarteko Helene Ducarrek ere. Erregularizaziorako baimenen kopuruak 2020an nabarmen behera egin zuela azaldu zuten: %40 bisen kasuan, %41 asilo baimenen kasuan eta %17 familia harreren kasuan. Manifestazioa Baionan Estatu mailako deialdiarekin bat eginez, Segurtasun Orokorreko Legearen kontrako StopSecuriteGlobale kolektiboak manifestazioa deitu du larunbatean Baionan. Talde horren baitan eragile politiko, sindikal eta sozial anitz biltzen dira. Otsailean kolektibo izatetik elkarte izatera pasa zen Etorkinekin-en izenean, Anne Duhourrek azaldu zuen manifestazioaren bukaeran herriko etxearen aitzineko Jacques Portes plazan ekintza berezi bat egingo dutela. VULNERABLESLos migrantes procedentes de África quieren llegar en general al Estado francés, ya que la mayoría sabe francés. Entre los que están llegando... es especialmente alto el número de no alfabetizados.