NOV. 20 2021 Sinboloak (II) Literatura kritikaria Kontuan izateko modukoa da komunikabideek Gouncourt sariaren azken irabazlea iragartzeko erabili duten hizkera. “L’Express” astekariak, esaterako, Sarren nobela «frantses hizkuntzaren bizitasunaren eta unibertsaltasunaren froga nabarmena» dela adierazi du. Saritzekoa ez da Sarrek frantses literaturari egin dion ekarpena; horrelakorik aitortzea kulturalki Senegal Frantziaren partetzat onartzearen parekoa litzateke. Are gehiago, Afrikako kultura batek frantses kulturan eraginik izan dezakeela iradokiko luke horrek. Eta jakin dakigunez, erokeria galanta da hori guztia. Ez, “L’Express”-ek esaten diguna da frantsesa unibertsala dela eta begira zeinen ondo menperatzen duten kolonizatu ohiek. Gero esango dute kolonialismoa gauza okerra dela, gizakien eta kulturen genozidioa eragiten duela. Baina frantses hizkuntza eta kulturari esker Sarr bezalako idazle afrikarrak goi-mailako literatura idazteko gai dira orain. Meritua ez da idazlearena, bere egin dituen frantses hizkuntza eta kulturarena baizik. “Mission civilisatrice” delakoak eman ditu bere fruituak. Vive la francophonie! Oharra: Espainiar Estatuan hainbatek kolonialismoa zuritu egiten dute gazteleraren unibertsaltasunaren izenean. Latinoamerikar jatorria duten espainiar hiztunek AEBetan jasaten duten diskriminazioak sinesgarritasuna ematen dio beren ikuspegiari; beren burua hispano edota latino moduan identifikatzen duten askok (jatorri europarrekoak asko) uste dute kolonizatzaileak amerikarrak direla, espainiar kultura eta hizkuntza bertakotuz.