NOV. 27 2021 Indioilarra Esti EZKERRA Literatura kritikaria Urte batzuetako ohitura da AEBetan “esker emate eguna” deritzon jaieguna baino egun batzuk lehenago presidenteak, Etxe Zuriko lorategian komunikabideentzat propio antolaturiko ekitaldian, indioilar bati “bizitza barkatzea” eta naturak kontrakoa erabakitzen duen arte hegaztiari bizitzen uzten jarraitzea. Horrek ez du esan nahi presidenteak haragirik jango ez duenik. Barazkijalea den presidenterik ez du oraindik ezagutu Etxe Zuriak. Indioilar bati bizitzen jarraitzen uzten dioten bitartean, beste batek egin du presidentearen egoitzako sukalderako bidea. Kontua ez da, ordea, presidenteak indioilar bat jango duela; garrantzitsuena da barkamen zeremoniak zer iradokitzen duen estatuburu postuari zein hark ordezkatzen duen irudimenezko komunitateari begira: jarrera barkabera eta adiskidetzailea. Ezin uka indioilarraren zeremonia aproposa dela esker emate eguna bezalako jaiegun baterako. Batak zein besteak balio berberak iradokitzen dituzte; batak zein besteak indarkeriazkoa den gertaera bat mozorrotzen dute: indioilarrik ez da hilko, baina hil egingo da; kolonoek indigenak beren mahaira gonbidatu zituzten, baina kolonoek indigenak hil, bizirik atera zirenak erreserbetan poliki hiltzera kondenatu eta haien lurrak lapurtu zituzten. Iraganaldia erabili dut, baina ez da iraganeko kontua: indigenentzat kolonialismoak orainaldian jarraitzen du. Horregatik urtero errepikatu beharreko performance-ak dira indioilarrarena eta esker emate egunarena.