DEC. 14 2021 Sutondoa Joxe Mari CARRERE Ipuin kontalaria Sutondoa neguan etxeko goxotasunean gelditzeko aitzakia ederra izan ohi da. Kanpoko hotz eta eguraldi gorriari muzin eginda. Behintzat egoera idealizatuan. Etxea berotzeko adina sosik ez, senitarteko asko etxe txikian, harrera etxea, edo kale gorrian kartoi ziztrineko logela; orduan, negu gorria ospela da. Horretan ere, arrakala soziala sutondora heltzen da. Sutondoaren irudi goxoa ipuin kontaketaren irudiarekin ere lotzen da. Ezagutu izan dut hori bizi izan duenik. Baserriko sutondoan amonaren kontakizunekin goxo negu gorrian. «Neguan besterik ez baikenuen», esaten zidan. Baina, kuriosoa da, hori ere baserriko pobreziarekin lotzen zuen. Bonbilla kaxkar batekin bi gela argitzen, goserik ez, baina otorduak antzekoak beti, janzteko ere justuan. Pobreak, baina, negu gorrian ipuinak zituzten suaren beroan. Eta ipuin horietan urrutiko lurraldeak, istorio harrigarriak, gaueko biztanle beldurgarriak izango zituzten txinpartaka irudimenean, negu gorriari eta pobreziari aurre egiteko eraztun magikoak. Zer gertatzen, ordea, sutondorik ez dutenekin? Amona urrutiko lurralde misteriotsuan bizi bada, nola haren istorioak entzun? Lanak bizitzaren erritmo krudela markatzen badu, denbora beste baten esku badago, noiz izango dugu astia kontatzeko, entzuteko? Sutondoaren irudi idealizatuta errealitate bihurtzeko, denbora behar dugu, gure denbora, elkar banatzeko denbora, hitzarentzat denbora. Sutondoa mundu justuagoa irudikatzeko espazioa da. Dena delako posible. Ipuinetan ere.