GARA Euskal Herriko egunkaria

Frankismoaren aurkako bide judizial berria aldarrikatu dute

Arabako erakundeei gizateriaren aurkako krimenengatik frankismoaren aurkako kereila jar dezatela exijitu zieten, atzo, EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-ko ordezkariek, Azazetako sarraskian hildakoen omenez Gasteizen egindako ekitaldian.


Martxo hasieran Martxoak 3 elkarteak eskaera bat egin zien erakundeei: frankismoaren aurkako kereila jar dezatela biktimekin batera, gizateriaren aurkako krimenengatik, Giza Eskubideen Europako Auzitegira heltzeko bide bat ireki ahal izateko. Atzo EH Bilduk, Ahal Dugu-Podemosek, Ezker Anitza-IU-k eta Equok eskaera berbera egin zieten Arabako erakundeei.

«Eskatzen dugu inpunitatea desagerrarazteko eta gerraren eta diktaduraren krimenak epaitzeko mekanismoak bilatzea. Horregatik eskatzen dugu artxiboak argitara ditzatela eta estamentu judizial eta politikoek irekita dauden bide judizialekin elkarlana sustatzea, hala nola Argentinako kereilan», adierazi zuten Felix Gonzalezek, Garbiñe Ruizek, Nuria Buesak eta Oscar Fernandezek, Azazetako sarraskian hildakoen omenez Gasteizen egindako ekitaldian.

Gogora ekarri zuten duela 85 urte 16 pertsona atera zituztela Bake kaleko kartzela zaharrean zeuden ziegetatik. Bi kamioitan sartu eta Azazetara eraman zituzten. «16. kilometroaren parean, 16 lagun horiek fusilatu eta lurperatu egin zituzten»; sarraskia erreketeek, falangistek eta guardia zibilek osatutako eskuadroi batek egin zuela zehaztu zuten. Fusilatuen artean hautetsiak eta militante errepublikano, sozialista, abertzale eta anarkistak zeuden; horien artean, Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea zena.

Omenaldian esan zutenez, Azazetan gertatutakoa «ez zen kasualitatea izan». Izan ere, egun horretan bertan Armada frankistak iparraldeko frontearen aurkako erasoari ekin zion. 1937ko martxoaren 31n bertan, Italiako Armadaren hegazkinek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten. Horiek ez ziren izan, ordea, biztanleria zibilaren aurkako lehen bonbardaketak. Hilabete batzuk lehenago, Otxandioko Andikona plaza bonbardatu eta 61 herritar erail zituzten. Gero, Gernika iritsiko zen: «Alemaniako Kondor Legioko hegazkinek bonbardatu zuten Euskal Herriaren ikurra. Picassok sarraskia koadro batean islatu zuen eta, harrezkero, hiri bizkaitarra gerraren izugarrikerien ikur eta bakearen sinbolo bihurtu zen».

«Estatu frankistaren terroreak suntsitu nahi zituen, ideologia horiekin atxikimendua adierazteagatik. Helburua horixe zen, hain zuzen ere: erregimen berriaren aurkako edozein zantzu deuseztatzea», nabarmendu zuten, gerraosteko 40 urteko diktadura deitoratuta. «40 urte haietan isiltasuna eta beldurra nagusitu ziren eta herritarren artean hedatu ziren. 40 urte, eskubide sozial eta politikorik gabe. Errepresioa, espetxea eta erbestearen 40 urte luzeak», gaineratu zuten.

Diktaduraren ondoren, berriz, zigorgabetasuna iritsi zen: «85 urte geroago, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu frankismoaren biktima guztientzat. Gorpuen bila gabiltza errepide areketan. Izan ere, oroimena izatea ez da oroitzea soilik, ez da loreak edo plakak jartzea; oroimena izatea egia, justizia eta erreparazioa eskatzea da. Hori oroimen demokratikoa da».

 

Erakundeen ekitaldia

Erakundeek beste ekitaldi bat egin zuten frankismoaren biktimen omenez hiriko erdigunean. Bertan izan ziren, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran. Honek Teodoro Gonzalez de Zarate alkate ohiak demokraziaren eta askatasunaren alde egindako lana nabarmendu zuen; «Gasteizek beti izango du gogoan».

Durangok oroimena, justizia eta erreparazioa exijitu ditu

Atzo egin ziren Durangon 1937ko martxoaren 31n Bizkaiko herri hau suntsitu zuen bonbardaketaren 85. urteurrena oroitzeko ekitaldiak. Gaur egun ere «oroimena, justizia eta erreparazioa» aldarrikatu behar direla nabarmendu zuten Udaleko arduradunek. Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak su-garra piztu zuten Santa Maria elizako atarian, tragedia horren biktimen oroimenez.

Arratsaldean omenaldiak errepikatu ziren. Une bereziak bizi izan ziren Zugaza zineman, bertan estreinatu zelako “31 vidas, el homenaje” dokumentala. Iban Gorriti kazetariak eta Lander Petralanda editoreak zuzendu dute bizirik atera zirenen testigantzak jasotzen dituen lana. 40 minutuko dokumentalak Edita Gomez, Lidia Larrea, Mikel Aretxaga, Maite Andueza eta Nati Bilbaoren lekukotzak biltzen ditu, baita biktimen senideena ere. Euzko Gudarostea osatzen zuten indar politiko ezberdinetako ordezkariek ere parte hartu dute lan honetan.GARA