MAY. 05 2022 Bilboko hilketak salatzeko manifestazioa deitu dute GARA bilbo LGTBI+ kolektiboaren alde lan egiten duten elkarteak kezkatuta agertu dira Bilbon gutxienez lau gizon homosexualen kontra izandako eraso hilgarrien aurrean. E28 Bizkaiko Koordinakundeak manifestazioa deitu du maiatzaren 17an, hau da, LGTBIfobiaren kontrako egunean. Ustez gizon batek hil ditu lau gizonak, aplikazio baten bitartez harremana egin eta, biktimei lapurtzea helburu, GHB droga erabili ostean. Gizonezkoaren atzetik dabil EAEko Polizia. Gertaeron aurreko «instituzioen isiltasuna» salatu du sare sozialetan E28 Bizkaiko Koordinakundeak. Bilboko Udalari eskaera Bilboko EH Bilduren udal taldeko Jone Goirizelaiak elkartasuna adierazi zien atzo biktimen gertukoei eta Bozeramaileen Batzordearen bilera eskatu zuen, herritarrei lehen eskuko informazioa ematea beharrezkoa dela iritzita, bereziki, auzi honek kezka handia eragin duelako LGTBI+ komunitatean. Horrez gain, biktimen senideei laguntza eta aholkularitza eskaintzea proposatuko dio Udalari.