MAY. 09 2022 39. HERRI URRATS BESTA SENPEREN ZEINEN EDERRA IZAN DEN «ITZULERA» BI URTEKO ETENALDIA ETA GERO, EUSKALTZALEEN TOPAGUNE BILAKATU ZEN ATZO BERRIZ ERE SENPEREKO AINTZIRA. HAMARNAKA MILA LAGUN HELDU ZIREN SEASKARI EKARPENA EGITERA BOSGARREN KOLEGIOA ERAIKI AHAL DEZAN. BIDEZ BATEZ IKASLEEK AZTERKETAK EUSKARAZ EGITEKO DUTEN ESKUBIDEA AIROSKI ALDARRIKATU ZUTEN HERRI URRATSEN KARIETARA. (Guillaume Fauveau) Maite UBIRIA BEAUMONT «Mugatik gertu bizi gara eta harreman handia dugu Ipar Euskal Herriarekin», aitortu zuen Senpereko aintzirara heldu berria zen Iñakik. Erratzuarrak «txikitatik Herri Urratsera etorri den horietakoa» zela azaldu zion GARAri. Egun ederra pasatzeko asmoa zuela gaineratu zuen, betiere Herri Urratsek duen helburu nagusia ahantzi gabe. «Gure ekarpena egitera gatoz, Nafarroa Oinezen eta bertze bestetan egiten dugun bezala, premia hor dagoelako», nabarmendu zigun baztandarrak bere ibilbidearekin jarraitu aitzin. Bizitzaren legea, 1984an ospatu zen lehenengo Herri Urrats hura gogoan zuen Etxartek. «Bertze urte batez hemen naiz, oraingoan bilobekin», nabarmendu zigun. Izturitzeko emazteak Herri Urrats «bestarik ederrena» dela aldarrikatu zigun, berehala. «Etxeko ttipi guztiak eman ditugu ikastoletan, eta kolegioan eta lizeoan gero, eta horrela behar da segitu, urratsez urrats», gaineratu zuen. Baxenabartarra, ezker-eskuin begira, etxeko gazteen beha zen. «Ontsalaz gaur egun ederra ospatuko dugu denok, gazteek eta ez hain gazteok, eta hori polita da, baina jakin behar dugu bihartik aitzin ere badugula lana, behar dugula beti pusatu eta pusatu, euskara biziarazteko». «Zeuen urratsa geurea da. Ta itzulera denona». Zetak taldeko Pello Reparazek hitzok goxatu aitzin, «mendikateak lotuta», bakoitza bere bailaratik helduta mintzo ziren bi txori nafar. Bata Erratzukoa, bertzea Izturitzekoa. Biak kalakan, Baigorriko artzainaren baimenarekin. Bilboko June lagun batekin batera haur tropel txikia gobernatu nahian atzeman genuen. «Oso ederra da besta hau. Txikitan gurasoekin etortzen nintzen, ondoren autobusean nire kasa, eta orain etxeko txikiekin», azaldu zigun ama gazteak, euskararen aldeko haria historiaz eta sentimenduz ehuntzeko lanaren garrantzia nabarmenduz. “Itzulera” zen Herri Urratsen 39. edizioaren lema eta, kantuz zein hitzez, Senperen antolaturiko euskaltzaleen topagunera berriz bueltatzeak sortutako zirrara aitortu ziguten berdin ibiltariek zein Seaskako buraso eta ikasle askok ere. Pegatinen truke txanpon potea gogor astintzen zuen Nafarroa gunean Maiderrek. «Burasoek txanda badute, goizean goiz heldu gara eta bai beraiek bai nik lana bukatzean elkartuko gara, eta talo bat janen dugu, ziur!», aurreratu zigun. Horretan ere ura bere bidera itzuli zen atzo Ipar Euskal Herriko ikastoletako familia zabalarentzat, Herri Urratsen antolaketak animaleko ahalegina eskatzen baitu. Hilabete luzetako prestaketaren ostean lasterketa gainditzeko eguna zen atzokoa. 2.500 lagun baino gehiagok egin zuten lan hamaika zerbitzu bermatuz. Lan boluntario hori gabe ezinezkoa litzateke atzo bezalako besta bat ospatzea. Eguzkia «ekaitza» uxatzeko Eguraldi dotoreak erraztu zuen, bistan da, boluntarioen armadaren lana. Are, euskaltzaleen egarri eta gosea asetzeko erritmoa azkartzen lagundu zuen nonbait, arratsalde erditsuan dagoeneko existentziak agortzear baitziren ostatu eta salmenta postu gehienetan. Izerdi patsetan ere, goizetik gora eta behera ibili ziren haurrek dena eman zuten puzgarrien desmuntaketaren une latza heldu bitartean. Beste hainbeste egin zuten eszenatokien aurrean Herri Urratsek antolaturiko kontzertu maratoian murgildu ziren gazteek. Herri Urrats bere azken txanpan sartua zelarik behin-behineko bilana eskaini zuen Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. «Giroa ezin hobea izan da, eta gure aurreikuspen guztiak gainditu ditugu», aurreratu zion GARAri. «Egun osoan zehar parkingak beteta izan dira, besta gune ezberdinak jendez gainezka, berdin zikiro edo sagardotegian dena saldurik... Gure ohiko neurgailu horiek adierazten digute argi eta garbi pandemia aitzineko Herri Urratsetan jaso genuen jende kopurua azkar emendatu dela». Ipar Euskal Herriko ikastolen besta nagusiaren koordinatzailearen esanetan, egunak «zapore benetan goxoa» utzi zuen. Alde batetik, Seaskak bere bosgarren kolegioa egiteko behar zuen bultzada jaso zuelako, eta, bestetik, «euskal komunitateak erantzun diolako ikastolek luzaturiko deiari, aurrean ditugun oztopoak altxatzeko indarra badagoela erakutsiz». Era horretan, koordinatzaileak aipamen zuzena egiten zion eguerdiko harrera ekitaldian Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak plazaraturiko desobedientzia deiari. «Azterketak euskaraz egiteko hainbat ekimen martxan emanen dira laster eta, erakundeetako ordezkariak soilik ez, euskal komunitatea ere ondoan izanen du Seaskak». Bertze ibiltari baten, Etxepare lizeoan irakasle den Xanen azalpena aintzat hartuta, «Herri Urrats bezalako ekimenek noizbehinka herri egiten gaituzte». BOSGARREN KOLEGIOA Herri Urrats ospatzen den lakutik 300 bat metrora Senpereko Herriko Etxeak bideraturiko lur eremu batean eraikiko du Seaskak bere bosgarren kolegioa. Heldu den urterako prest ukan nahi luke. 200 bat ikaslerekin abiatzekoa den ikastetxea ordaintzen lagunduko du atzoko bestak. DESOBEDIENTZIA Euskal Elkargoko, Departamenduko eta Eskualdeko ordezkarien sostenguarekin azterketak euskaraz egiteko eskubidea egikaritzeko kanpaina azkartuko du Seaskak. Desobedientzia deia zabaldu du Brebetako zientzietako proba euskaraz egiteko. Arratsalde erditsuan existentzia gehienak agortu ziren eta horrek argi ematen du jende uholdearen tamaina