SEP. 21 2022 Auto elektrikoen erabilera %130 hazi zen joan den urtean Estatu espainolean Iaz, 155.000 auto elektriko zebiltzan Estatu espainolean. Ugaritu dira, baina guztien %0,63 besterik ez dira oraindik. Ibilgailu elektrikoen bateriak kargatzeko gunea Iruñean. (Jagoba MANTEROLA I FOKU) GARA MADRIL Autoen salerosketan espezializatutako Carwow plataforma digitalak egindako txostenaren arabera, Estatu espainolean auto elektrikoekiko interesa areagotu egin da, nahiz eta horiek erabiltzeko orduan hainbat arazo dauden. Horren adibide da, 2021ean, zirkulazioan zebiltzan auto elektrikoen kopurua %130 igo arren, 77 karga-puntu gehiago baino ez zirela instalatu; 8.173tik 8.250era pasatu ziren. 2021ean 155.000 ziren Estatu osoan erabiltzen ari ziren auto elektrikoak, baina Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, iaz 24,5 milioi auto erabili ziren; beraz, auto elektrikoak horien guztien %0,63 baino ez ziren. Izan ere, Carwowren erabiltzaileen gehiengo handi batek (%62) oraindik ez du aurreikusten auto elektriko edo hibrido entxufagarririk erostea. Kezka nagusia karga-puntuen urritasuna (%24,5) eta informazio falta dira (%23,5). Aipatu dituzten beste arazo batzuk, errekuntza-autoak baino garestiagoak izatea (%19,7) eta haien autonomia urria (%18,5).