OCT. 04 2022 Enplegua bermatzeko akordioa Asteasuko Siemens Gamesan Siemens Gamesak 2.900 langileren kaleratzea iragarri zuen joan den astean, zein lantegitakoak izango diren eta datarik zehaztu gabe. LABek horri aurrea hartu eta Asteasuko plantan zuzendaritzarekin enplegua bermatzeko akordioa sinatu du. Siemens Gamesaren Agoizko lantegia. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA DONOSTIA Siemens Gamesak joan den astean 2.900 langile kaleratuko dituela iragarri ondotik, Asteasuko lantegiko enplegua bermatzeko akordioa sinatu dute LABek eta enpresako zuzendaritzak, sindikatuak atzo jakitera eman zuenez. LABek azaldu zuen ez duela kaleratzeei buruz inongo jakinarazpen ofizialik jaso. «Informazio bakarra komunikabideetatik eta langileek barne posta bidez jaso duten mezu batetik iritsi zaigu», jakinarazi zuen. Ez dakite kaleratzeak noiz eta zein lantegitan gertatuko diren, soilik guztira 2.900 izango direla, horietako 475 Estatu espainolean. «Enpresak dituen zailtasunen eta etorkizunean hau saltzeko dauden aurreikuspenen aurrean, LABek gehiengoa duen Siemens Gamesaren Asteasuko plantan, akordio batera iritsi gara zuzendaritzarekin eta akordio honekin langileen etorkizuna bermatzea lortu dugu. Enpresako hitzarmena berritzeaz gain lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu dugu», azaldu zuen sindikatuak. Erakundeei zuzendu zitzaien sindikatu abertzalea, eskatzeko «enpresa saltzeko aukeren aurrean beraien konpromisoa» erakuts dezatela bertako erosle bat bilatzeko, «Euskal Herrian estrategikoa izango den sektore baten alde egingo duena». Siemens Gamesak 2.500 langile inguru ditu Hego Euskal Herrian, multinazional horretako langileen %10 baino gutxiago. 27.145 behargin ditu guztira, eta 70 instalazio baino gehiago ditu Europan.