FEB. 07 2023 Beyonce da Grammyen erregina Abeslari estatubatuarra, beste lau bilduta, inoiz Grammy sari gehien jaso duen artista da: 32 ditu. Hala ere, aurtengo edizioko garaikurrik potoloenak, diskorik onenarenak, Harry Stylesen izena darama. Beyonce, musika elektronikoko disko onenaren sariarekin. (Valerie MACON | AFP) Alfontso DIEZ Grammy sarien 65. edizioak bi garaile nagusi utzi zituen: Beyonce eta Harry Styles. 2022an argitara emandako “Renaissance” diskoarekin, abeslari estatubatuarrak beste lau batu zituen bere bildumara eta, horrenbestez, 32rekin, “gramofono” gehien dituen artista da, Georg Solti orkestra zuzendari hungariarrak baino bat gehiago baitu. Bederatzi ataletan zegoen izendaturik Beyonce, baina azkenean lautan nagusitzearekin konformatu behar izan zuen. Hain justu, huts egindako bost horien artean zeuden gaueko sari potoloenak: urteko disko onenarena Harry Styles ingelesaren eskuetara joan zen, “Harry’s House” lanagatik; grabazio onenarena Lizzok eraman zuen, “About Damn Time” kantuagatik; eta abesti onenarena Bonnie Raittek irabazi zuen, “Just Like That” izenekoarengatik. Aitortza jaso zuten beste izen esanguratsu batzuk Kendrick Lamar, Brandi Carlile, Willie Nelson, Adele eta Ozzy Osbourne izan ziren.