MAR. 05 2023 JOPUNTUA Arrosa topaketak Eli PAGOLA Bertsolaria Nerabe batentzat aspaldi eta edadetu batentzat atzo, gogoan dut nola partekatzen genituen ikasliburuak, baita DBHn ere. Demagun Mungu Garaikideko Zientzia ikasgaiak testuliburu bat zuela urteko plangintzaren ardatz, bada, gela bakoitzeko partaide banaz osatutako hiruko taldeak egin eta eskolak liburu bana esleitzen zigun. Hortik aurrera gure ardura zen bermatzea liburua behar zuenarentzat eskuragarri zegoela, eta ariketak denok egin ahal izatea. Alde praktikotik logika izugarria zuen, A taldeak MGZ-ordua zuenean ezinezkoa baitzen B eta C taldeek ere izatea, beraz, ia inoiz ez genuen liburua aldi berean beharko. Erabilera aldetik, bestalde, baliagarriak ziren testuliburuan gure aurretik klasea jasotakoak utzi zitzakeen erreferentziak eta apunteak eta, zer esanik ez, ordubetea arinago igarotzeko balio zuten orri ertzetako mezu sekretu enkriptatuak. Oro har, nik dakidala, jarraipenik eman ez bazaio ere, sare funtzionala zela esango nuke. Batzuetan harrigarria da elkarlanak eta eskuzabaltasunak zein itzal laburra izaten duten, bakarrik aritzea errazagoa izateaz gain, denon eskuragarri egongo balitz bezala. Elkarren kaligrafia zein den, ziurrenik, ez, baina, elkar ezagutzeko aukera izan zuten atzo Arrosa Sareko kideek Oreretan. Bitxia da ahotsa ardatz duen aktibitate bateko kide bat desbirtualizatzea, lehendik ezagutzen duzun norbait lehen aldiz ezagutzea, hori posible bada. X. Arrosa Sareko jardunaldietan, ospakizun beste aldarri izan da. Aitziber Zapirain koordinatzaileak argi azaldu zuen zenbait irrati legeztatuak izateko zain daudela eta ikusteko dagoela frekuentziekin zer pasatuko den. Ohikoa bezain sinesgaitza da bestelako egitura bat garatu nahi izan duten proiektuek jasotzen duten zuloranzko erakarpen indar grabitazionala. Eskerrak Miramongo parkean ikasi genuen indar zinetikoa eraginkorra zela pilota erdiguneko zulotik urrun mantentzeko, eta mugimenduari eusteko ez dago elkarlana eta elkartrukea bezalakorik. Zorionak eta animo Arrosa Sareari. Es curioso que la vozardatz duenaktibitate batekokide batdesvirtualizar,lehendik ezagutzenduzun norbaitlehen aldizezagutzea, horiposible bada