GARA Euskal Herriko egunkaria

Trafikoan 300.000 isun ezarri dira; lan arloan, soilik 700, antzeko hildakoekin

Laneko heriotza eta gaixotasunak ekidin daitezkeela aldarrikatu zuen atzo LABek, baina enpresarien zigorgabetasunak helburu hori eragozten duela gehituta. Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak aberastasun pilaketari egotzi zizkion heriotza nahiz gaixotasunak, atzo NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

2019an Beasainen egindako manifestazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean prebentzioan jarri zuen fokua LAB sindikatuak. Gertatzen diren heriotza eta osasun galerak ahaztu gabe, prebentzioaren bidez gertaera horiek ekidin daitezkeela aldarrikatu zuen atzo Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak NAIZ Irratian. Ez du ikusten, ordea, neurri zehatzak hartzeko borondaterik.

Alderaketa argigarria egin zuen. Adierazi zuenez, trafiko eta laneko istripuetan hildako kopuru antzekoa izan ohi da. Hala eta guztiz ere, trafikoko arauak hausteagatik 300.000 isun inguru jartzen dira eta lan osasuneko araudia ez betetzeagatik, aldiz, soilik 700 jartzen dira. Halaber, 423 ertzain daude trafikoa zaintzeko eta 41 ikuskari lan osasuna bermatzeko. Aranbururen hitzetan, aberastasunaren pilaketa handitzen jarraitzeko, lan osasunean inbertitzeari uko egiten diote enpresariek.

Ezagutu berri diren langabezia datuen inguruan, emakumeen artean igoera handiagoa izan dela nabarmendu zuen; gazteen langabezia tasa «oso altua» dela eta sektoreka, industria atzerantz doala, 3.000 lanpostu gutxiagorekin, azken datuen arabera. Bitartean, lan munduan prekaritatea zabaltzen ari dela ohartarazi zuen, soldatak murrizten ari direla eta egoera «kaskarra» dela.

Badira egungo testuinguru sozioekonomikoan irabaziak izaten ari direnak ere. Banku eta enpresa handi asko inoizko irabazi handienak ari dira eskuratzen. Adibidez, aurtengo lehen hiruhilekoan BBVAk 1.800 milioi euro irabazi ditu eta Iberdrolak, 1.500 milioi, bankuei eta energia enpresa handiei ezarri zaien aparteko zerga ordainduta ere. «Iraingarria da gertatzen ari dena», LABeko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, aberastasunak kapital handietan pilatzen jarraitzen duelako eta ez dagoelako egoera iraultzeko borondaterik. Sindikatu honen ustez, bi neurri bultzatu behar dira: soldata igoerak, batetik, eta zerga politika progresiboa, bestetik.

ELA: «KONPLIZITATEA»

ELAk Hego Euskal Herriak pairatzen duen egoera salatzeko manifestazioa egin zuen Donostian, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean. Peio Igeregik, sindikatu honetako Lan Osasuneko arduradunak, Lakua eta Nafarroako gobernuen borondate eta baliabide falta salatu zuen, «horiek baitira 2022an hil ziren 71 langileen eta aurten hil diren hamabost heriotzen erantzuleak». Era berean, ELAk salatu zuen enpresek ez dutela zigorrik jasotzen.

UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo elkarrekin Iruñean lan osasun eta segurtasuna aldarrikatzeko eta enpresei eskubide hori gauzatzeko benetako neurriak hartzeko eskatzeko.

Nabarmendu zutenez, lan-baldintzek eragin handia dute beharginen osasunean. «Prekaritateak langileak gaixotu eta hil egiten ditu», salatu zuten. Horregatik, babesa irizpide ekonomikoen gainetik jartzea eskatu zuten.



Fallo por una muerte por amianto

El cáncer pulmonar que causó la muerte de un operario de Forjas Alavesas-Sidenor ha sido reconocido como enfermedad profesional por el Juzgado de lo Social Número 3 de Gasteiz, según informó ayer Asviamie. El juez ha estimado la demanda de la viuda de Francisco F.C., fallecido en 2019 por adenocarcinoma pulmonar, contra el INSS, Cofivacasa, MC Mutual y Sidenor Industrial. Por ello, se incrementa en 528 euros la base reguladora para el cálculo de las prestaciones, haciendo responsable del abono al INSS en un 95,48% y en un 4,52% a MC Mutual.

Según detalló Asviamie, Francisco F.C. trabajó, desde 1973 y durante 16 años, «de gruista en el departamento de ‘placas’ con ocho canales, donde se colocaban las lingoteras y se vertía el caldo de acero fundido, siendo las placas de amianto, llegando a utilizar ‘chaqueta de amianto’ y teniendo constante contacto con el amianto». Durante ese periodo, «nunca les informaron sobre los riesgos del amianto para la salud. Ni la empresa cumplió con la obligación de prohibir fumar a los trabajadores [en el puesto de trabajo], donde se manipuló la fibra cancerígena». GARA