JUN. 12 2023 ARABA EUSKARAZ Euskarari ekiteko gogoz, jendetza hartu du Olarizuk Olarizuko zelaietan jendetza bildu zen atzo, Araba Euskarazen parte hartzeko. Euriari aurre egin zioten Ttek elektrotxarangak sortutako kantaren erritmora, Lautada, Mendia eta Erreka festa guneetan. Arabako ikastolen jaiaren leloa izan den “Ekin” iradokitzaile hori giro ezin hobean praktikan jarri zuten. Goizean euriak jaiaren parte izateko asmoa erakutsi zuen arren, egunak aurrera egin ahala eguraldia lagun izan zuten Olarizura joandakoek. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GARA Goizean goizetik Olarizura jende mordoa hurbildu zen atzo, Arabako zortzi ikastolek elkarlanean antolatu duten Araba Euskaraz jaian parte hartzera. Hasierako orduetan euria egin bazuen ere, egunak aurrera egin ahala atertu zuen, eta asko izan ziren Gasteizko hirigunetik oso gertu dagoen paraje natural horretara bertaratutako lagunak. Goizeko 10.00etan izan zen hasiera ekitaldia. Araba Euskaraz Elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek adierazi zuen ikastolek beren «prestutasuna» berresten dutela «Euskal Herrian osoan hezkuntza sistema propioa gorpuzten lanean jarraitzeko». «Inoren kontra eta guztien alde», nabarmendu zuen. «Denon eskuzabaltasunarekin bidea egingo dugu, bakarrik ezin delako», gaineratu zuen. Eta eskaera bat ere egin zuen: «Erreparatu diezaiogun batzen gaituenari eta egin dezagun bidea hortik abiatuz. Benetan, euskal hezkuntza sistema berri batean sinisten badugu, batu gaitezen denok». Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, bere aldetik, ikastolek egindako lana goraipatu zuen. Esan zuenez, «gure gaur egungo hezkuntza sistema lan askoren fruitua da». Edizio honen “Ekin” leloaren garrantzia nabarmendu zuen Pedrosak, haren hitzetan, ez delako «egun bakar bateko leloa, urte askoren emaitza baizik». «Eta etorkizuneko begirada islatzen duena, ikastetxeen ekimenez gain, zerikusia duelako eragile guztien lankidetzarekin, komunitate osoaren bulkadarekin», aipatu zuen. «Premiazkoa da, inoiz baino gehiago, lankidetza ildo horri eustea, elkarlanaren erronka bizirik mantentzeko ikastetxeetan. Gizarte eraldaketan eragiten jarraitu behar dugulako euskararen arloan», esan zuen, eta argi utzi zuen oraindik ere euskara indartu beharra dagoela. HIZTEGIGILEAK OMENDU Araba Euskarazek, bestalde, duela berrogei urte argitaratu zen ‘Sinonimoen Hiztegiaren’ egile izandako Bostak Bat elkarteari omenaldia egin zion. Gogoratu zuten 1981. urtean jaio zenetik elkarteak «uzta oparoa» utzi duela hiztegigintzan. Bostak Baten izenean, Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea eta Ricardo Badiola kideak hurreratu ziren aitortza goxo hori jasotzera. Lautada, Mendia eta Erreka izan ziren jaiaren hiru gune nagusiak, eta espazio horietan Potx eta Lotx pailazoak, Tor magoa, bertso emanaldiak, zunba saioak edota Armentia Ikastolak sortutako arte eszenikoen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan zuten egunean zehar. Musika eskaintza zabalaz -Trikidantz, STR, Kerobia edo Skabidean taldeak izan ziren, besteak beste-, tonbolaz, puzgarriez, eta tailer desberdinez gozatzeko aukera izan zuten baita ere Olarizuko landetara hurbiltzeko hautua egin zutenek. Euripean zein eguzkitan, giroa bikaina izan zen. La aportaci��n econ��mica obtenida en la fiesta de ayer se destinar�� a dar impulso a la