GARA Euskal Herriko egunkaria

Sexu-abusuen %81 neska nerabeei gertatzen zaizkie; erdiak, familian

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sexu-abusuen erdiak familia ingurunean gertatzen dira eta biktima gehienak (%81) 14 eta 17 urte bitarteko neska nerabeak dira, Nerea Melgosa Lakuako Gobernuko Berdintasun sailburuak zehaztu duenez.

Sexu-abusu gehienak neska nerabeek jasaten dituzte. (GETTY IMAGES)

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo zehaztu zuenez, sexu-abusuen bi kasutatik bat familia ingurunean gertatzen da; gehienetan, neska edo emakume nerabeen aurka. Zehazki, «14 eta 17 urte bitarteko neska edo emakume nerabeei gertatzen zaizkie sexu-abusuen kasuen %81».

Atzo Donostian eman zituen datuok Melgosak, “Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen” ikastaroaren irekieran; Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Jose Luis de la Cuesta Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria ere bertan izan ziren, besteak beste.

Ertzaintzaren datuen arabera, 2020an 1.459 adingabe izan ziren delituren baten biktima, eta tratu txarrak edo familia barruko indarkeria nagusitu ziren (657 adingabe). «Kohesio sozial, elkartasun eta giza eskubideen defentsa maila altua duen herrialdea da Euskadi, baina, aldi berean, egunero indarkeria kasu larriak jasaten dituzten haur eta nerabeak daude», nabarmendu zuen sailburuak.

Bere ustez, «itxura guztien arabera, icebergaren tontorrean gaude». «Tratu txarren eta abusuen kopuru handi bat ez da salatzen beldurragatik, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrak ez duelako egin diotena ulertzeko edo adierazteko elementurik, edo errua leporatuko dioten eta sinetsiko ez dioten beldur delako», azaldu zuen.

Gaineratu zuen gero eta sexu-indarkeria kasu gehiago salatzen direla: 2020an 159 kasu salatu ziren, eta 2016an 128. Melgosak ziurtatu zuenez, «salaketa bat dagoenean, biktimentzako urteak iraun ditzakeen prozesu judizial gogor bat hasten da, haurtzarorako egokitu gabeko ingurune batean; duela gutxira arte, traumak berpiztera behartu dituzte biktimak, defentsaren testigantza zalantzan jar zitekeen deklarazioetan».

PLAN ESTRATEGIKOA

2022-2028ko Lakuako Justizia Plan Estrategikoan “Justizia eta adingabeak” izeneko proiektu bat sartu da; adingabeentzako sarbidea eta arreta hobetzea da proiektuaren helburu nagusia, betiere, haien beharrei erantzunez. Proiektuak beren eskubideei eta eragiten dieten prozedurei buruzko informazio egokitua ematen die adingabeei. Gainera, haurren aurkako indarkerian espezializatutako zigor arloko epaitegiak behar direla nabarmentzen du, baita Barnahus proiektu pilotua ezarri behar dela ere.

Save the Childrenen arabera, lege sisteman sartzen diren sexu-indarkeria kasuen %70 inguru ez da inoiz ahozko epaiketara heltzen. Sailburuak dionez, «garrantzitsua da Justizia haurren eta haien beharren mailan jartzea; izan ere, sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarri batean sentitzen dira».

Bestalde, Sailburuak gogorarazi zuen astearteko Gobernu Kontseiluan Haur eta Nerabeen Legearen proiektua onartu zela; giza eskubideen ezarpen osoa eta zuzena bermatzen duela esan zuen.