JUL. 31 2023 Interview Elisa Sainz de Murieta BC3 Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza Zentroko ikerlaria «Klima aldaketa agenda politikoaren lehentasun gisa kokatu behar da» Munduko Meteorologia Erakundeak ostegunean ohartarazi zuen gaur ixten dugun uztail hau, “El Niño” fenomenoaren gerizpean, hilabeterik beroena izango dela maila globalean erregistroak daudenetik. BC3 Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza Zentroko ikerlari Elisa Sainz de Murietak gaiari buruz sakon jardun du NAIZ Irratiko mikrofonoetan. (BC3) GARA DONOSTIA Planetaren batez besteko tenperaturaren errekorra 2016ko abuztukoa zen: 16,92°. Uztailaren 6 honetan 17,08° erregistratu da. Egia da Euskal Herrian azken asteetan ohiko uda sasoia izan dugula esan dezakegula, baina Mediterraneoan bestelakoa da egoera. Hain hurbil egonda, zergatik desberdintasun hori? “Klima” eta “meteorologia” desberdintzea garrantzitsua da. Klima aldaketaz ari garenean, epe luzeko eraginei buruz ari gara. Aldiz, tokiko meteorologiari erreparatzen badiogu, zenbait aldaketa egon daitezke. Bi faktore hauen desberdintasunaren adibide argia da neguan alderdi batzuetan gertatzen dena. Mundu mailan klima gero eta beroagoa da, baina, era berean, toki batzuetan neguan elurteak eta muturreko hotzak areagotzen dira. Gauza bat da klima, eta beste bat, fenomeno meteorologiko zehatza. Kasu honetan ere, antzeko egoera da. Mediterraneoa eta Atlantikoa alderatuta, joera eta prozesu ezberdinak jazotzen direla ikus daiteke. Mediterraneoa ia itxita dagoen itsasoa da, eremu tropikaletatik gertu dago eta fenomeno globalen eragin handiagoa pairatzen du. Aldaketa hauek momentuko zerbait dira ala epe luzeko joera bat? Biak izan daitezke. Klima zientzialarien artean ez dago adostasun osoa, erantzuna ematerakoan. Batzuek babesten dute klima aldaketa areagotzen ari dela, eta besteek egungo egoera dela modeloek iragartzen zuten joera. Azeleratuko balitz, gauzek okerrera egingo luketela, baina hala izango ez balitz ere joera nahiko txarra da. Klima aldaketari buruz hitz egiten denean, beti beroan pentsatzen dugu, baina muturreko gertakariak ere badaude: Berlingo uholdeak, Gasteizko txingorra... Gertakariok klima sistemaren desegonkortasunaren adierazle dira. Ezin diogu soilik beroari erreparatu. Nolanahi ere, klima aldaketa dagoela zalantzarik ez dago eta joera horrelakoa izango da etorkizunean. Klima aldaketaren ondorioei dagokienez, azken asteotan suteak nabarmentzen ari dira titularretan. Horra begira ari gara. Baina, esaterako, zer eragin dute beroaldi hauek itsasoetan eta ibaietan? Itsasoetan, lurrean bezala, bero boladak izaten dira, eta koralak hiltzearen faktore nagusiak dira. Itsasoan, lurrean bezala, milioika espezie bizi dira, eta gure modu bertsuan pairatzen dituzte bero boladak. Itsasoan ere tenperatura aldagai soil bat da, baina azidotasun mailan edo gazitasunean eragin zuzena du korronte aldaketak. Gobernuak eta herrialdeak prest al dira halako beroaldiei aurre egiteko? Denbora luzean, klima politiken helburua isurpenak murriztea izan da. Aldiz, etorkizunera begiratu baino egungo inpaktuetan arreta jarri behar litzateke, egokitzapen politikak ezarriz. Aplikatu behar liratekeen neurriek ez dute soilik beroari lotutakoak izan behar. Arrisku guztiak kontuan izango dituen planak martxan jartzea beharrezkoa da. Aitortu behar dut neurri batzuk abiarazi direla dagoeneko, baina motel doaz, eta nire ustez klima aldaketa agenda politikoan lehentasun gisa kokatu beharko litzateke. Egiturazko neurriak al dira horiek, edo partxeak jartzen gabiltza hala moduz? Nazioarteko hitzarmenak betetzen ari dira? Nazioarte mailan badugu bide orri bat; 2015ean adostu zen Parisko Akordioa. Bertan herrialde guztiek oniritzia eman zuten munduko batez besteko tenperatura bi gradutik behera mantentzeko. Aipatu behar dut oso gertu gaudela helburu horretatik. Hori esanda, epe luzeko helburuak ezartzea errazagoa da, epe laburrekoak baino. Klima aldaketak badu ezaugarri bat erantzuna ematea zailtzen duena, horretarako gure gizartea goitik behera aldatu behar baita. Gizartearen sentsibilizazioari begira, nolako mezuak igortzen ari garela uste duzu? Kontuz ibili behar dugu katastrofismoarekin, baina egia da egoera larria dela. Bestalde, uste dut, neurriak hartzeko orduan, denok ulertu behar genukeela zergatik hartzen diren. Ez direla kapritxo hutsa, beharrezkoak baizik. Zentzu horretan, gizartearen kezka nabarmenagoa da orain, baina salto bat dago ekintzara igarotzerako garaian. SENTSIBILIZAZIOA«Kontuz ibili behar dugu katastrofismo kontuekin, baina egia da egoera larria dela. Uste dut, neurriak hartzeko orduan, denok ulertu behar genukeela zergatik hartzen diren. Ez direla kapritxo hutsa, beharrezkoak baizik» ZAILA«Klima aldaketak badu ezaugarri bat erantzuna ematea zailtzen duena, horretarako gure gizartea goitik behera aldatu behar baita»