GARA Euskal Herriko egunkaria

UDAZKEN GOIZEKO PLAN EDER BAT

33. Hiru Hondartzetako Krosa ospatu zen atzo Donostian, eguraldiak lagunduta. Ander Sagarzazuk eta Garazi Karrerak irabazi zuten.

Hiru Hondartzetako Kroseko korrikalariak, Kontxatik igarotzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Udazkena atletismoaren urtaroa dela esan dezakegu. Behin udarako tenperatura beroak pasata -nahiz eta aurten oraindik mantentzen diren gure artean-, urria eta azaroa bezalako hilabeteek ematen duten goxotasunaz baliatuta, milaka pertsona korrika egiten ausartzen dira. Horietako askok azaroaren 12an ospatuko den Behobia-Donostia lasterketa herrikoian parte hartzeko prestaketa lanak egiten dituzte lehenago antolatzen dituzten probetan. Horietako bat da atzo Donostian egindako Hiru Hondartzetako Krosa. Aurten 33. edizioa ospatu da. Eguraldia lagun, 2.753 korrikalarik hartu zuten parte -horietatik 1.188 emakumezkoak-, Gipuzkoako hiriburuak uzten dizkigun paisaia eder eta ikusgarrien artean. Proba honen eragingarria, hain zuzen ere, hori da, hiriko hiru hondartzak lotzea: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Donostiako erdialdeko kaleetatik igarota, eta beti esaten den bezala, parte hartzaile guztiak izan ziren garaileak. Hala ere, beti saritu behar da norbait, eta atzokoan, Ander Sagarzazu donostiarra (31:18), gizonezkoetan, eta Garazi Karrera irurarra (37:13), emakumezkoetan, izan ziren lehenengoak helmugaratzen.