MAY. 28 2024 «L’Amour tojours», debekatuta Jai eremuan Ultra batzuek hitz arrazistak jarriz bertsioa egindako “L’amour tojours” abesti aski ezaguna debekatu dute hurrengo Oktoberfesten. Ultraeskuinaren hazkundearen kontrako protesta, Alemanian. (Ronny HARTMANN | AFP) Oktoberfest jaialdiaren antolatzaileek Gigi D’Agostino DJ italiarraren “L’amour tojours” abesti aski ezaguna debekatu dute, joan den astean Alemaniako ultra gazte talde batek kantu horren bertsio xenofobo eta arrazista bideo batean zabaldu ondoren. “L’amour tojours” oso erabilia da azken boladan, kirol lehiaketetan batez ere, Euskal Herriko estadioak barne. «Debekatu nahi dugu eta debekatu egingo dut. Hemen ez dago eskuindar zabor horrentzako tokirik», adierazi du Clemens Baumgärtner Municheko Garagardo Festako arduradunak. Onartu du abestia ezin dela eskuin muturrekotzat jo, baina Oktoberfesteko antolatzaileak nabarmendu du «ultraeskuindarren konnotazio argia» jaso duela azken aldian. Sare sozialen bidez zabaldu duten bideoan gazte talde bat Sylt uharteko taberna baten irteeran korrika ari da, aipatutako doinuaren erritmoan «Atzerritarrak kanpora!» eta «Alemania alemaniarrentzat!» oihukatzen, besteak beste. Segundo gutxi batzuetako bideoa da sare sozialetan zabaldu dutena, eta bertan agertzen den gazteetako batek Adolf Hitlerrena bezalako bibotea imitatzen du atzamarraz.