GARA Euskal Herriko egunkaria

Dutxa bakoitzeko ura mugatzeko kanpaina: lau minutu gehienez

Nafarroako 36 udalerrik bat egin zuten dutxa bakoitzeko ura lau minutura mugatzea proposatzen duen ingurumen kanpainarekin. 7 milioi litro ur aurreztu daitezkeela jakinarazi zuten. Ur epelarekin dutxatzeko konpromisoa ere hartu zuten.

Nafarroako 36 udalerrik bat egin dute dutxatzeko ura lau minutura mugatzeko kanpainarekin. (NAFARROAKO GOBERNUA)

 

Nafarroako 36 udalerrik bat egin dute dutxa bakoitzeko ura lau minutura mugatzea proposatzen duen ingurumen kanpainarekin. Nafarroako biztanle guztiek neurri hori betez gero, dutxa bakoitzean 7 milioi litro aurreztuko liratekeela kalkulatzen du Iruñeko Gobernuak, 24 igerileku olinpikoren baliokidea litzatekeena.

«Ura aurrezteko eta etxean arduraz erabiltzeko beharraz herritarrak sentsibilizatzea» da helburu nagusia, atzo egindako aurkezpenean azaldu zutenez. Jomuga hori modu grafiko eta hurbilean erakusten duen lekukotza gisa, udal horiek lau minutuko hareazko 24.000 erloju txiki banatuko dituzte bizilagunen artean datozen asteetan, etxean dutxa baten iraupena kontrolatzeko. Lau minutukoa baita Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) larruazalaren higiene eta osasungarritasun irizpideen arabera gomendatzen duen gehienezko ur denbora.

«Ekintza sinbolikoa da, baina emaitza eraginkorra du», adierazi zuen Gobernuak. Azaldu zuenez, klima larrialdiaren eta ur eskasiaren testuinguruan, Nafarroak ur asko aurreztuko luke, biztanleria 4 minutu baino gutxiagoan dutxatuko balitz. Gaur egun biztanle bakoitzak batez beste hamar minutu igarotzen ditu dutxan, Gobernuak igorritako oharraren arabera.

«Lehorteen maiztasuna eta larritasuna areagotzea eta ur-eskasia mende honetako ingurumen-erronka nagusietako bat izaten ari da», adierazi zuen Jose Mari Aierdi kontseilariak. Eta gaineratu zuen premiazkoa dela Gobernuak estrategia klimatikoak abiatu eta neurriak hartzea, «baina baita tokiko ekintzetatik eragitea ere, gizartearen sentsibilizazio eta mobilizaziotik», zehaztu zuen.

Alde horretatik, Aierdik «ura zentzuz erabiltzeko neurriak hartzeko» eskatu zuen, «bai ureztapen azpiegituretan edo industrietan, bai etxean erabiltzen dugun ura bezalako berehalako eta gertuko ekintzetan». Kontseilariak gaineratu zuenez, «ura berotzeko erabiltzen den energia ere kontuan hartu behar da, eta, beraz, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko lirateke; beraz, ura aurreztea funtsezko neurria da klima-aldaketari aurre egiteko».

36 UDALERRIK

hartu dute parte kanpaina honetan: Uharte, Atarrabia, Aranguren, Bidaurreta eta Galar, Iruñerrian; Agoitz, Arantza, Barbarin, Beintza-Labaien, Kaseda, Ziritza, Donamaria, Etxarri, Etxauri, Eulate, Ezporogi, Ibargoiti, Imotz, Xabier, Ledea, Longida, Irunberri, Lukin, Milagro, Nazar, Odieta, Olaibar, Azkoien, Santsol, Muruarte, Irurozki, Viana eta Alesbes.