DEC. 02 2024 Txirrindua Jon GARMENDIA Kargua Bizikleta hartuta errepidera ateratzea etxetik ihes egiteko modu bat ez ote den galdetu diot Joxerrari. Gaur egun dena baita crossfit, gorputzari kultu egiteko miraila aurkitu, denborari denbora kendu, eta aisialdirako outfit eder bat ukan. Gure gurasoek ez zutela bizikletarik, ez eta haren gainean ibiltzeko denborarik ere, eta hala ere bizi egin zirela, hori erran diot Joxerrari. Bera egunero ateratzen da lagun talde batekin bizikleta egitera, egitearena errateko modu bat da, jakina, balio dituen milaka euroak aritu eta aditu batek egin zuelako balio baititu. Beste batzuk korrika ibiltzen direla, eta mendira doazela beste asko, hauxe erantzun dit Joxerrak. Etxeko ardurak eta eginbeharrak saihesteko aitzakia bikaina, horrela eman diot sententzia. Egunero ez dakit zenbat kilometro, ez dakit zenbat media, ez dakit zenbat zera. «Baina sukaldaria da bera, eta… eskerrak!» erran diot nire buruari, ezen lehen geldialdia txorizo egosia jateko, bigarrena iturriko ur freskoa biltzeko, hirugarrena ibaia itsaso bihurtzen den tokian tortilla pintxoarentzat. Horrela, Lizarrieta, Infernuko errota, Xoldoko gaina, Zokoburu, Lizuniaga, Akotz, Otxondo, Izpegi eta Zokoa dira etapak, eta hori taldeko lagunek eskertzen dute. Kilometroez harago, kultura eta sabelaren kultura elikatzea ere bizitzea baita. Eta etxean egin ezin duena kanpoan egiten du. Egiten dute. Egiten duzue.