DEC. 10 2024 Non Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Ez da batere hitz egiten ipuin kontaketak egiten diren espazioez. Eskainiko den ipuin ikuskariak berezko espazioa behar du; bestela, kanpo ezaugarriek ikuskaria bera baldintzatuko dute. Lekuaren tenperatura, zarata, guraso batzuen jarrera (haurrentzako saioak aparteko artikulu bat mereziko luke), kokapena… eta espazio bera. Kontalariok, bertsolarien antzera, oso moldakorrak gara, ipuinak kontatzeko lekuei dagokienez; tabernak, liburutegiak, txosnak, plazak, kale gorria… Horietako saio asko sortzaileen prekaritateagatik egindakoak: “Lekua ez da aproposena, baina lana da behintzat”. Jakina, ez da berdin ipuin solte batzuk kontatzea, dena delako ekimen batean, edo ipuin kontalari batek prestatutako kontalaritza ikuskaria aurkeztea, zeinean hainbat ordu, buruhauste eta grina jarri duen. Ikuskari horrek bere ahalmen guztia erakuts dezan espazio egokia beharko du, bai kontalaria ahalik eta ondoen aritzeko, bai publikoak ahalik eta gehien balora dezan egiten zaion eskaintza. Horregatik, Tolosan Intujai Teatroak zabaldu berri duen gunea, bere txikitasunean, garrantzitsua da oso kontalaritzarentzat. Kontalariak zein publikoak ikuskariaz gozatzeko baldintzak betetzen dituen espazioa da, eta Intujai taldekoak zoriondu behar ditugu, euskal kontalaritzarentzat onuragarria izango den erronka hartzeagatik.