DEC. 22 2024 ZORROZTARRIA Artxipelagoa, oasia baino! Julen MURGOITIO Abendua da, gabonila. Ez dakit nondik datorren azkeneko izen hau… Loterila balitz! Tira, gabonetan gabonetakoa, gabon kantak eta gabon kontuak; batzuk kantu kantari, beste batzuk kontu kontari. Bada bai, aitor dut, gabonen abiapuntuan izanda ere, desiratzen nago helmuga pasatuta egotea; hots, ohiko normalkeriara bueltatzea, neonezko argi gutxiago, plastikozko esku-poltsa gutxiago, zorion itxura gutxiago, hozkailu hutsagoa, erregerik ez... Baina bitartean, izorra hadi Murgoitio! Bai, hala beharko omen! Amen! Eta erregeak gogoan, solstizio zer honetan, hara! Santomasak han-hemen. Kaxilda txerria erregina alde zaharreko azoka batean, ortozik eta biluzik postuen artean ostera egiten. Eta handik gertu, alde berriko kale nagusietan, santumatxak! Berokia jantzita jende oldea, poltsaz lepo espaloi berean, esku gehiago izan nahian, transgenikoak balira ere, poltsei heldulekutik oratzeko… Gabonetan gabonetakoa, senideak, edo, mahai baten bueltan, mahai bete plater bete! Gabon bon-bon, ase eta bete! Gabonetan ganboietan! Eta sasoiari dagokion ezbaia hortxe aurten ere, koinatuak senideak ote dira? Eta gabonetan gabonsariak. Eskumenetan ere! Hara! Eusko Alderdi Jaurlaritzak eskumen berria lortu du loteria itxurako bola ontzi horretan. Kosten kudeaketa! Antza, kosta lerroa bera mugitzeko eskumena izango ei du, edo dunak lekuz aldatzeko ere euskal oasia ei den honetan. Itsas mailaren igoerari aurre egiteko baino museoren baten olatu transgenikoei aldeko haizea agintzeko izango bide da… Ulertzera heldu barik tsunamia batzuetan lehorretik datorrela! Baina kosta ahala kosta gaitz izango dute euskal artxipelagoa euren gustura kudeatzea, han-hemengo erakundeetan onetsi diren aurrekontuek halako mapa utzi baitute, hemen bai hor ez, artxipelagoa! Oasia baino!