JAN. 21 2025 Mitologiak Joxemari KARRERE Ipuin kontalaria Euskal mitologia modan dagoela, dirudi. Ez da harritzekoa; izan ere, euskal mitologiak sekulako aberastasuna dauka, gizaldiz gizaldi euskal kosmogonia eta iruditeria transmititu izan den altxorra gure garaietara heltzea benetan harrigarria dela. Mari, Suhar, Herensugea, Basajaun, Basandere, Tartalo, lamiak, galtzagorriak, Behi Gorria eta Olentzero ospetsua, adibide batzuk baino ez dira. Horiek transmititzea euskal kulturaren eta euskaldunon izatea eta iruditeria transmititzea da; bazirelako baikara eta izaten jarraitu nahi dugulako. Egungo garaietan, zeinetan iruditeria homogeneizatu berriak zabaltzen eta ezartzen ari diren, inoiz baino garrantzitsuagoa da kultura bakoitzak bere iruditeria aldarrikatzea, zabaltzea eta desagertzearen kontra egitea. Mundua kolore anitzekoa nahi badugu, askotariko iruditeriak behar ditugu, askotariko kosmogoniak, mundua leku arrunt interesgarria eta erakargarria bihurtuz. Kontalariok badugu zeregina transmisio horretan, ulertuz heldu zaigun kosmogonia hori, mundua ulertzeko manera hori, aitzinera begira gelditu beharrean, iragandako garaiak hobeagoak zireneko ideia faltsuaren bidetik baino, etorkizun propioaren bideari ekiteko, non mitologia berrituak eta berriak sortuko diren, gure kosmogonia eta munduaren ulerkera propioa eskainiz munduari.