JAN. 23 2025 Ekosistema Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Era askotara irudika daiteke. Adibidez, piramide bat, non zenbat eta oinarri zabalagoa, orduan eta altuera handiagora iritsi daitekeen gailurra. Eta denak zerura begira, ea noraino iristen den eraikinaren muturra. Normala (Anariren baimenarekin, hitzaren zentzurik txarrenean), nork erreparatzen die lurrean etzanda dirauten erroei? Harritzar horiei? Horrelakoak dira antolakuntza piramidalak: non denak sinistuta dauden muturrak eusten diola piramideari. Zeruaren arrakasta arramazkatzen duen puntu bakan, magiko, misteriotsu horretan dagoela gakoa, hura gabe ez legokeela ezer. Nor etorriko da honaino erdi eroritako tumulu batekin gozatzera? Lau friki. Bai, horrela irudikatua dugu kultur sormena (ez bakarrik musikarena): eskalatu beharreko piramide bat artistarentzat, altura batetik aurrera hasten den aldare urreztatu bat ikuslearentzat. Eta, aldian aldiro, piramidea etzatearekin batera, beste erpin bat sortzen dugu istantean. Baina eta horrela imajinatu beharrean, gora begira egotearen poderioz, gogortutako lepoa behera okertu, lurrera begiratu eta ekosistema gisara ulertuko bagenu, adibidez, euskal musikagintza? Zeri erreparatu beharko genioke orduan kulturgileok, hedabideek, instituzioek. Ziurrenik, ohartuko ginateke, harreman sare aberats, hauskor eta delikatua dagoela jokoan.