GARA Euskal Herriko egunkaria

Guggenheim Urdaibai Stop: «Parte hartzea ez, aditzea eskaini digute»

Erakundeek iragarritako entzuketan parte hartuko du Guggenheim Urdaibai Stopek, baina zuhurra da. Berandu datorrela, lanek aurrera jarraitzen dutela eta parte hartze prozesua nahi zuketela kontatu diote kideek NAIZ Irratiari. Prozesua ez bada neutroa, atera egingo dira.

Guggenheim Stop-en protesta, iragan urrian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Instituzioek Urdaibaiko parajean egin nahi duten Guggenheim museoaren inguruan proposatu duten entzuketa prozesuaren iragarpena bera «baikorra» dela uste du Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stopeko ordezkariak. Alabaina, aho txikiarekin hitz egin zuen atzo prozesu horretaz NAIZ Irratian izandako elkarrizketan. Iruditzen zaio, hitzak dioen moduan, entzun egingo dietela, bai, baina gero kontuan hartuko ote dituzten beste afera bat dela. Horregatik, eurek nahiago zuten parte hartze prozesua.

Berandu datorrela ere kritikatu zuen Gotxik, erakundeek nolabait erabakita dutelako egin egingo dutela, nahiz eta proiektua ez den ezagutzera eman. Horregatik, proiektuaren xehetasunak ezagutu gabe entzuketa prozesu bat egitea ez dela garbiena uste du. Parte hartuko dute eurek, baina bermea eta neutraltasuna eskatu dituzte horretarako.

ZALANTZAK DITUZTE

Hain zuzen ere, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako ordezkariak ohartarazi zuen Lehendakari Agirre Centerreko buruek Guggenheim museoarekin lotura dutela.

Horrez gain, «EAJren erakunde bat izanik eta alderdia gaian nola posizionatu den ikusita, neutrala izango den zalantzak» dituztela esan zuen Gotxik.

Baldintza guztiak ikusita, plataformak errespetuz parte hartuko du. Alabaina, «instrumentalizazio bat» ikusten duten momentuan, «EAJk proiektua bultzatzeko kanpainaren parte» dela ikusten badute, salatu eta prozesutik aterako dira, abisatu zuenez.

Entzuketa prozesua luzea izango da. Eta bien bitartean tramitazioekin jarraituko dutela azaldu zuen Eider Gotxik: «Lurralde plan partzialek eta herrietako plan urbanistikoek aldatzen jarraituko dute. Gakoa hori da: lege hauek aldatzen ez badira, proiektua ez da legezkoa. Ezin dugu legez kanpokoa den zerbaiti buruz eztabaidatu; eta horretan ari dira, legeak aldatzen».

Lehendabiziko urratsak egin dituzte epaitegi eta udaletan, eta horrek «prozesuaren bermerik eza» erakusten duela uste du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.