FEB. 22 2025 DANIELA FOREVER Narrazioaren amaraunean galduta Gaizka IZAGIRRE HERNANI Bizitzak zentzua galdu du Nicolasentzat Daniela bikotekidea hil ostean. Egun batean, bere ametsak kontrolatzea ahalbidetuko dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatuko dute, eta baietz esango du bere onera etortzeko itxaropenez. Baina amets horietan betiko galtzeko arriskua dago. Nacho Vigalondo, bere ibilbidean, fantasiazko edo zientzia-fikziozko ideiez baliatu da oso gizatiarrak diren gaiak aztertzeko. ‘‘Daniela Forever” filmak, zientzia-fikziozko drama erromantikoen azpigeneroan kokatuko genukeenak, doluaren, maitasunaren eta bigarren aukeren inguruko azterketa proposatzen du. Iragana ordezkatzea edo berpizten saiatzea etikoa edo osasuntsua den ala ez ezbaian jartzen duen proposamena da; nahiko irregularra. Ametsaren eta errealitatearen munduak, narratiboki ez ezik, formalki ere bereizi egin ditu Vigalondok. Errealitatea filmatzeko Betamax kamera zahar bat erabili du 4:3 formatuan, eta ametsetarako, aldiz, bereizmen handia eta formatu panoramikoa duten egungo kamera modernoak; kontrastea esanguratsua da. Agertokiek garrantzi handia dute filmean. Sarritan, kalean filmatzeak gidoi bizi eta organikoak sortzea ahalbidetzen du, sortzaileak inoiz ez baitaki istorioa aberastu dezakeen zerbait azalduko den ala ez. Benetakoak ez diren lokalizazioek, normalean, ez dute gidoian ez dagoen ezer oparitzen; alde horretatik, lokalizazioak ezin hobeto zukutu ditu. Axolagabe uzten ez duen proposamena da, eta hori oso eskertzekoa da, baina kontakizun nagusiaren norabidea gehiegi sakabanatzen da. Premisa burutsua den arren eta bisualki oso azpimarragarria, gidoia nahasi egiten da eta zenbait momentutan narrazioaren amaraunean galduta dagoela sentituko duzue, trakestu egiten da; azken txanpan, bereziki.