GARA Euskal Herriko egunkaria

«H» bat gehituta, «nirekin hika egin dezakezu» adierazi dezakegu

Euskaraldian Ahobizi ala Belarriprest txapan “H” bat gehitzen dutenek hauxe esan nahiko dute: «Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu». 2019. urtetik hitanoa biziberritzeko lanean ari den ZirHika taldeak hizkera informal hau aktibatzeko martxan jarritako ekimena da.

Egañak eta Agirrek babestu dute ZirHika. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, irakasleak, ikertzaileak... esparru askotako herritarrek osatzen dute ZirHika ekimen herritarra. «Hitanoa herri euskaldunenetan mantendu da ondoen, eta horietan ere galduz doa», aitortu du talde honek. Esaterako, Badihardugu euskara elkarteak egin zuen Hikagin inkestaren arabera (4.215 erantzun jaso ziren, 287 herritakoak), gehiengo batek (%55ek) uste du hitanoaren egoera eskasa edo oso txarra dela. Nokarena tokarena baino okerragoa. %11k soilik dio egoera ona dela; erdipurdikoa, %33k.

Eta, bere aldetik, zein arazo dugu? «Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gazte askok kalean erdarara jotzen dute, bat-batekotasun, adierazkortasun eta informaltasun bila, gazte-hizkera baten bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, gain behera joan da azken hamarkadatan», ohartarazi du ZirHikak.

2025era begira, egoera hau aldatzeko asmoarekin, hainbat ekimen prestatu dituzte, hitanoa aktibatzeko xedez. Larunbatean Donostian egindako agerraldi batean, eta Tauparekin batera elkarlana adostu ostean, Euskaraldian txapan “H”-a ipini ahal izango dela aurreratu zuten; hau da, «nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu», adierazten duena. Ahobizi ala Belarriprestena ez da aldatzen, eta ez dago hika jakin beharrik “H”-a ipintzeko. Hitanoa ikasi/entzun nahi duenak ere ipini dezake.

Hika egitea biren arteko tratua delako, eta zukaz gainera, hitanoa plazaratzeko baliatu nahi delako. Parte hartzeko egin behar den gauza bakarra izena ematea da formularioan. Nahi duten herritarrei, txaparekin batera “H” gometxak banatuko zaizkie.

Orain arte 66 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan ekimenean, baina epea ez da itxi, martxoaren 1ean bukatuko baita.

Horrez gain, Euskal Herriko II. Hika Topaketa azaroan Markina-Xemeinen egingo dutela iragarri zuten, eta abenduaren 7an, Durangoko Azokarekin batera, Euskal Herriko II. Hikadromoa egingo dutela. Iazkoan 75 lagun elkartu ziren, Euskal Herriko lurralde guztietakoak.

Udalekuetan hitanoa txertatzen saiatzea ere aurtengo gure beste lanetako bat izango da, batez ere Bertsozale Elkarteak eta EMAk antolatzen dituzten Salto! izenekoetan.