GARA Euskal Herriko egunkaria

Txekoslovakia


Bazen behin Txekoslovakian…»; horrela hasten omen zituen ipuin asko Carles Garciaren osaba zaharrak. Carlesek dio ez zuela ulertu inoiz zergatik Txekoslovakia lurralde fantastikoa bihurtzen zuen bere osabak, non gertaerarik harrigarrienak jazo zitezkeen. Urrutiko lurralde ezezagunaren antza hartuko ziola, ezleku bat. Albaceteko herrixka bateko gizon harentzat, herriz herri salmentan ibili ohi zena, auskalo non entzungo zuen izen hori eta ipuinetako herrialdea izan zitekeela erabaki zuen, pentsatuz entzuleek ere bere irudimen bera izango zutela Txekoslovakiari buruz. Ipuinen hasierarako beste modu harrigarria erabiltzen zuen Carlesen osabak ere: «Orain dela denbora asko, bizikleten erroberak koadratuak zirenean…». Horrek bai izan behar duela aspaldikoa!, pentsatuko zuten entzuleek, herrialde ezinezko batean gertatuko zela ondoren zetorren ipuina. Munduan beste asko bezala, hasiera horiek fantastikoaren munduan sartuko garela iragartzen dute, eta hori liluragarria da.

Familian jasotako tradizioagatik da kontalaria Carles Garcia, eta ahotik belarrira jasotako istorioak munduan barrena eraman ditu. Ahoz Aho nazioarteko ahozkotasunaren jaialdiari esker, ostiralean Hernanin entzuteko aukera paregabea izango dugu, Txekoslovakian gertatutako istorio ezinezkoa ezagutu dezagun.