GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Alerta


Nire lagun bat eskuin muturraren diskurtsoa jaten ari da. Esaldi hau letra larritan idatziko nuke, baina ez dut sentsazionalista izan nahi. Halere, egia da: ezkertiar gisa bere burua defenditzen duen nire lagun hori teoria arrazistak jaten ari da. Irensten, hain zuzen. Eta ez da konturatzen ari.

Urte hasieran «Iruñean gero eta ‘moro’ (sic) gehiago daude, eta egia entzun nahi edo ez, delitugile asko daude horien artean», bota zuen derrepentean, mahai-jolasetan ari ginela. Komentario solte txar bat zela pentsatu genuen, eta erantzun genion, gure ustez behar zen bezalaxe. Beranduago, lagun batek ez zuen bere berokia aurkitu alde zaharreko taberna bat ixtean. «Bi arabiar sartu dira. Ziur haiek izan direla», mozkor. Batzuek diote ez dela mozkorrekin eztabaidatu behar.

Joan den astean, Whatsapp taldean prentsa horiaren berri bat bidali zuen, eraso baten inguruan. «Nire ustez, arazoaren erroak jatorrian jotzen du kasu askotan». Sententzia erori zen: delinkuentzia jatorriarekin lotu du, eskuinak ulertarazi nahi duen bezala. Babesgabe sentitu nintzen, argudio gutxi bainituen zentzugabekeria horri aurre egiteko. Eta okerrena zer da? Palestinarekiko elkartasuneko manifestazioetan aurkituko duzu. Ezkertiarra eta euskalduna baita, noski. Baina arazoarekiko itsaso batek aldentzen bagaitu, hobe, aizu.