MAR. 20 2025 Nikeria Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Yoismoa aipatzen zuen, duela gutxi, Paco Ibañezek elkarrizketa batean, eta pertsonez jabetu dela zioen kantariak, faxismoaren gorakadarekin lotutako pasarte batean. Kontzeptu interesgarria da, inondik inora: nikeria, eta pentsatu dut; aizu gai egokia izan daiteke zutabe batentzat! Duela lau hilabete 90 urte bete berri dituen kantariaren baimenarekin, jakina. Eta baita ere, 90 urterekin, agertokia utzi ez duen kantariaren goraipamenez. Nikeria: gora ni, izorra dadila ondokoa! Norberak mundua bere zilborraren diametrora egokitzeko gaitasuna izan daiteke hitzaren definiziorik agerikoena. Jarrera arrakastatsua da, alajaina; jarriko bagina, zerrenda amaigabea osa genezake, soilik azken hiru hilabeteetan, kaleratu eta gaitz horren adibide izan daitezkeen kantuekin. Eta ez uste, aski lirateke bi garagardo, ez genuke burua hautsi beharko pentsatzen. Haatik, kutsakorra eta oldarkorra da oso: zure nikeriaren errua da nirea esnatzea, erasotik babestu beharra daukat. Nirearena, berriz beste horrena hauspotzea... Eta horrela infinituraino, gero eta txikiago, gero eta ezgauzago... gorroto eta beldurraren makineriaren nanopartikula bihurtuta. Baina nikeriak badu antidoto bat: orain bat gara (eskerrik asko Broken Brothers Brass Band). Horixe bai soinu banda ezinbestekoa garaiontzat.