APR. 05 2025 Desagertzeak Estibalitz EZKERRA kritikaria Senidea itsasoan galtzen duten familien min kontsolaezinarekin parekatzen du Harkaitz Canok, “Twist” nobelan, estatuko indar paramilitarrek senide bat desagerrarazi dieten familien min lazgarria. Bi kasuetan gorpuaren absentziak markaturik dago dolua egiteko zailtasuna. Tradizioan judu-kristauan norbait hil dela jakitea ez da nahikoa; fisikoki non dagoen kokaturik jakitea ezinbestekoa da, hildakoaren omenezko errituak jarraitu eta doluari bide eman ahal izateko. Itsasoan galdutako gorpua ezingo da berreskuratu, baina non dagoen jakin badakite senideek: itsasoan. Berariaz desagerrarazitako gorpuaren kasuan, ordea, gorpuaren kokapen zehatza ezin da jakin; gorpu bihurturiko gorputzari egindako indarkeriaren luzapena eta ukatzea da aldi berean haren desagerpena. Mendebaldeko jurisprudentzian frogak behar baitira krimen bat egin dela erakusteko, gorpurik gabe ez dago krimenik. Aste honetan aita palestinar batek alabaren burua besarkatzen zuen, Israelek jaurtitako bonba batek haurraren gorputza birrindu ostean. Okupazio armada palestinarren kontra egiten ari den genozidioan hainbat dira hildako senideen gorpu zatiak besterik aurkitu ez dituztenak. Osorik ala zatika, palestinarren gorpurik ez balego bezala jokatzen dute Mendebaldeko gobernuek. Tarifak eta “defentsa” gastuak dituzte kezka, ez palestinarren mina.