GARA Euskal Herriko egunkaria
PETER PAN'S NEVERLAND NIGHTMARE

«Poohnibertso»-ak (zoritxarrez) ez du etenik


E’gile eskubideak urtero eguneratzen dira, eta azken boladan ‘‘Bambi’’, “Pinocho”, ‘‘Mickey Mouse” edo “Winnie the Pooh” bezalako pertsonaia klasikoak domeinu publikora igaro dira. Horrek “Poohnibertsoa” edo “Twisted Childhood Universe” delakoaren jaiotza ekarri du: “aske” geratu diren pertsonaia horiek protagonista dituzten beldur-slasher filmez osatutako unibertso zinematografikoa da.

“Winnie-the-Pooh”-ren ondoren, “Peter Pan”-en txanda iritsi da: Peter Panen istorio ezaguna, beldurrezko film gisa berrasmatua. Ahaztu ezagutzen duzuen Pan zintzo eta samur hori, hemen haurrak bahitu eta horiek Sekula Betiko Lurraldera bidaltzea helburu duen “Joker” edo “The Crow” kutsua duen pertsonaia iluna aurkeztuko dute. Proposamen honetan dena da iluna eta asaldagarria.

Agerikoa da proposamen honetara hurbiltzen den edozein ikuslek argi duela zer ikusiko duen; B serieko slasher generoaren zale amorratua den orok eta haurtzaroko pertsonaiari buruzko bestelako istorioa ikusteko jakin-mina duenak gozatuko du.

Gorea, doako indarkeria eta efektu praktikoez osaturiko eszenak maite dituztenentzat gomendagarria da.

Zaila eta apur bat zentzugabea da pelikula mota hauek ohiko ikuspegitik aztertzea, baina proposamenean sakontzen hasita, ezinezkoa da filma “serio hartzea”.

Gidoia zentzugabea eta oso ahula delako, hori hasteko, baina bereziki hemen ez dagoelako ekarpen berezirik egiteko inolako asmorik. Peter Panen unibertsoa erabiltzea aitzakia merkea besterik ez da filma egiteko eta finantzaketa lortzeko: istorioa mundu horretan girotuta egotea eta pertsonaia horiek erabiltzea guztiz doakoa da.

“Poohnibertso”-ak (zoritxarrez) ez du etenik: laster “Bambi”, “Pinocho” eta enparauak ere iritsiko dira.