GARA Euskal Herriko egunkaria

Saia


Zure herriko zenbat tabernetan jartzen dute euskal musika? «Si antes te hubiera conocido, seguramente…» esaldi kantatuak belarriak zulatzen dizkit bi astez, bazkaritik landa gaueko ordu txikiak arte ibili ginelako zure herriko ostatuetan. Zenbat gaztetxetan antolatzen dira kontzertuak?, zein musika estilokoak?, nork antolatzen ditu eta zein motiborekin? Galdera anitz pausatu dizkizut, bata bestearen gibeletik, musika talde batzuk BEC betetzen ari direla eta ea zer iruditzen zaidan galdetu didazulako. Fenomeno berri baten aitzinean gaudela erantzun dizut, konplexua dela gaia, eta sakontasunez aztertzea merezi duela. Jakina, marmartiaren afera da hau, haserre plantak egin eta honengatik edo harengatik bi arrazoi eman eta populua zure alde jartzeko modukoa. Baina gero zer?, badago alternatibarik?, behar da? Hasi zalantzak plazaratzen. Garai batean Belodromoan Iron Maiden edo Bilbon Rolling Stone, hori hobea al zen?, hau ere etorri zait, eta, kasu, ez nago kontzertu masibo hauek defendatzen, baina gertatzen ari dira, eta sakonean arrazoi andana dago. Ezen gure gizartea ez dela guk buruan dugun bezain idilikoa ere kontuan hartu beharko da, hainbeste furgoneta eta autokarabana, tardeo eta petardeo, droga kontsumo, eta gure zilborrari beha ni eta ni, eta nitaz hizketan beti. Beharbada horren guztiaren loturak badu zerikusirik festa masiboekin. Erraza da, jarrai galdetzen, eta saia erantzuten.