APR. 17 2025 PILOTA Beñat Rezusta Binakako txapeldunak kontratua berritu du 2028ra arte Asperekin hiru urte gehiagorako kontratua berritu du Bergarako atzelariak. «Gustura jokatzen ari naiz, eta hau da nahi nuena: partida ahalik gehiena jokatu, eta kontratu honek hori ahalbidetzen dit», adierazi zuen udarara begira dabilen pilotariak. Beñat Rezusta, irribarretsu, Binakako finalerako egindako material aukeraketan. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA Beñat Rezustaren inguruan albiste onek jarraitzen dute. Bergarako atzelariak Binakako Txapelketa irabazi du berriki Joseba Ezkurdiarekin, eta atzo kontratua berritu zuen Asperekin, datozen hiru urtetarako, 2028ko martxoaren 31 arte, hain zuzen ere. Atzelaria ez da Buruz Burukoa jokatzen ari eta, honenbestez, ‘lasai’ har ditzake hurrengo asteak, hitzordu garrantzitsuetarako. Dena den, argi du bere helburua. «Gustura jokatzen ari naiz, eta hau da nahi nuena: partida ahalik gehiena jokatu, eta kontratu honek hori ahalbidetzen dit», adierazi zuen pilotariak. Gaur egungo atzelarietatik erreferenteetako bat den Rezustaren hurrengo erronka udarara ahalik ondoen iristea izango da: «Ilusioa ez zait faltako, torneo hauek prestatu eta jokatzeko. Gustatzen zaidan garai bat da». Iazko uda konpletoaren antzekoa lortzea nahi luke: «Nire gertuko helburua partida ahalik gehiena jokatzea da, eta iazko udan jokatutakoetan bezain gustura ibiltzea». BURUZ BURUKOA Bestalde, Buruz Buruko Txapelketak aurrera segitzen du, eta atzo eta herenegun astebururako partidei begira material aukeraketak egin zituzten. Atzo bi izan ziren: Laso eta Peio Etxeberria Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, eta Altuna III.a eta Zabala Donostiako Atano III.ean. Amezketarrak, iazko txapeldunak alegia, esnatu beharra du final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian Larrazabalen aurka 14-22 galdu eta gero. Igande honetan, Donostian, lehen partidan porrota jaso zuen beste pilotari baten kontra arituko da. Zabala errioxarrak 22-17 galdu zuen bere herrikide Darioren aurka. Beraz, norgehiagoka estua espero da A multzoan; behintzat, tentsioa nabaritzen da. B multzoari dagokionez, Unai Lasok eta Peio Etxeberriak jokatuko dute larunbatean. Iazko finalistak debuta egingo du aurtengo txapelketan, eta Aspekoak final zortzirenetan Jakari irabazi zion, ligaxka honetan egoteko. GARAIPENAKBeñat Rezusta gaur egungo atzelari erreferenteetako bat da. Eibarko Astelenan debuta egin zuen 2013ko ekainaren 26an, eta bere garaipen zerrendan ditu Binakako bi txapel (2019 eta 2025) eta beste bi Promoziokoan, Buruz Burukoan (2014) eta Binakakoan (2014). Iaz, udan, txapelduna izan zen Gasteizko Andre Marian, Donostia Hirian eta Logroñoko San Mateotan.