APR. 17 2025 Erroldatzeko eskubidea «baldintzarik gabe» aitortzea eskatu dute Gasteizen “Erroldarik gabe, izaterik ez” kanpaina. (@erroldarikgabe) GARA GASTEIZ Gasteizko zenbait kolektibok “Erroldarik gabe, izaterik ez” kanpaina abiatu zuten 2023an, Udalak errolda lortzeko oztopoak jartzen zituela salatzeko. «Errolda bera eskubide eta betebehar bat da, udalerri batean bizi diren pertsona guztiak inskribatzen diren erregistroa da, eta horren bitartez oinarrizko baliabide batzuetara sarbidea ematen da», adierazi zuten atzo kolektibo hauek. «Udala ehunka pertsonen erroldatzea oztopatzen ari da, eta horrek oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten du, hala nola babes sozialeko sistema, osasun sistema eta lan eskubideak», salatu zuten. «Erroldarik gabe ez gara existitzen», ohartarazi zuten. Gogora ekarri zutenez, Estatu espainoleko legearen arabera, pertsona orok bizi den udalerrian erroldatuta egon behar du. «BOEren ebazpen batek jasotzen du infraetxeetan eta etxebizitza gabe bizi diren pertsonek errolda lortzeko eskubidea dutela, etxebizitzaren titulartasunaren inguruan egon daitezkeen eztabaida juridiko-pribatuak edota etxebizitzari eragiten dioten egoera fisiko, higieniko-sanitario edo bestelakoak alde batera utzita». Aldiz, Gasteizko Udalak baldintza batzuk ezartzen dituela gaitzetsi zuten, «pertsona askori oinarrizko eskubide hau eskuratzea eragotziz, etxebizitza baten jabe izatea eskatuz, edota alokairu kontratua izatea eta jabeak erroldatzeko berariazko baimena eman behar izatea». Gisa horretan, erroldatzeko erabakia «jabeen esku» geratzen dela adierazi zuten. «Pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politikoa da hau». Horren ondorioz, errolda «merkantzia» bihurtzen dela salatu zuten. «Jende asko kontraturik gabeko alokairuan, etxe okupatuetan, senideen edo lankideen etxebizitzetan, kalean… bizi garelako eta errolda behar dugulako legez gure eskubideak eskuratzeko». Gainera, hori baliatuta «jabe batzuek erroldak saldu» egiten dituztela kritikatu zuten: «Hori da jabe batzuek, Udala jakinaren gainean egonda, gauzatzen duten iruzurra eta mafia».