MAY. 06 2025 KAYARA. INKA GERRARIA Animazio nahiko traketsean bildutako mezu garrantzitsua Gaizka IZAGIRRE HERNANI Garrantzitsua da umeei zuzendutako animaziozko filmetan emakume boteretsuak eta ez otzanak protagonista jartzea. «Gizon batek salbatu behar dituen printzesen» mezutik urrun, Moana, Elsa, Merida, Mulan edo Raya pertsonaiak, esaterako, erreferente bihurtu dira. Euskaraz bikoiztua estreinatu den “Kayara. Inka gerraria” proposamenak emakumezko pertsonaia horietako bat du protagonista: Kayara. «Chasqui» kitxua hizkuntzatik eratorritako hitza da, eta ‘‘posta’’ edo ‘‘errelebo-pertsona’’ esan nahi du. Korrikalari gazte hauek Inkaren mezulari pertsonalak izaten ziren, eta Inperioko bide-sarean zehar bizkor mugitzen ziren mezuak entregatu ahal izateko; gizonezkoek soilik egiten zuten lan hori. Gure protagonista Kayara neska gaztea da. Bere ametsa chasqui mezularia izatea da eta horretarako genero-arau eta gizarteko tradizioen aurka borrokatuko da. Filma teknikoki eskasa da eta oso erraz iragar daitekeen gidoi horietakoa du. Pertsonaien mugimenduak eta akzio- eszenak nahiko ortopedikoak eta robotikoak dira, eta jariakortasun gutxiko eszenak nagusitzen dira film osoan zehar. Muntaketa lana eta erabiltzen diren trantsizioak ere oso zakarrak dira. Alderdirik boteretsuena Toni M. Mir konpositorearen soinu banda iruditu zait. Haurrei zuzendutako filma dela kontuan izanik, eta animazioaren munduan emakumezko erreferente gehiago exijitu behar ditugun garaiotan, filmak igortzen duen gaia azpimarratu behar da bereziki. Sortzaileek modu nahiko trakets eta arruntean jaurtitzen duten arren, emakumeen ahalduntzeari buruzko mezu indartsua helarazten dute, eta genero-arauei desafio egiten dien pertsonaia du protagonista lanak.