MAY. 07 2025 Artisauen eskuz eraikitako sarbidea Aralarko San Migel santutegiko atea artisau erara zaharberrituko du Albaolak, iazko erasoaren ondotik tenpluari distira itzultzeko. Nafarroako Sakanako egurra erabiliko dute atea zaharberritzeko. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA) GARA Aralarko San Migel santutegiak eraso bat izan zuen 2024ko urriaren amaiera aldera. Ezezagun batzuek atea erre eta markatu zuten eta Euskal Herrian garrantzi espiritual, sinboliko eta historikoa duen kultura ondasun bat hondatu zuten. Albistea jakiteaz batera, Albaola Kultur Faktoriak bere burua eskaini zuen atea artisau erara berreraikitzeko, eta San Migelgo komunitateak «poz handiz» jaso zuen albistea. Horrela, bada, atearen berreraikuntzari ekingo dio Albaolak. Zaharberritze lanak artisau erara egingo dira, Nafarroako Sakana eskualdeko egurra erabiliz, San Juan baleontzia egiteko erabilitako egur berberaz. Lanak bukatu ondoren, ate berria erromesaldi batean eramango dute, idiek tiraturik, Albaolatik santutegira. «Ibilbide honek sinbolikoki itsasoa eta mendia, oraina eta iragana, komunitatea eta ondarea lotuko ditu», adierazi zuen Albaolak. Egitasmoa Mundu Berri Baterako Ateak proiektuaren barnean kokatuta dago. Nozitutako erasoa esker oneko keinu bihurtu nahi dute: «Horrela, elkarlana eta kultura, mugak gainditzen dituen etorkizun partekatu baterako ateak balira zabaltzen dira», nabarmendu zuten.