MAY. 18 2025 ITZULIA WOMEN Mischa Bredewoldek hegemoniarekin jarraitu du Bredewold, bigarren garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA Mischa Bredewold (SD Worx) sasoi bikainean iritsi da aurtengo Itzuliara. Ostiralean lehenengo etapako azkarrena izan zen Agurainen amaitutako jardunaldian, eta atzo garaipena errepikatu zuen Igorreko helmugan. Esprintean ez zuen aurkaririk izan, eta aipatzekoa da Usoa Ostolaza zarauztarraren (Laboral Kutxa) seigarren postua. Txirrindulari herbeheretarra -iaz beste bi garaipen eskuratu zituen Itzulian-, indarrak oso ondo neurtuz, bigarren egin zuen Liane Lippert baino azkarragoa izan zen. Movistar taldekoa da, hain zuzen ere, sailkapen nagusiko bigarrena, 12 segundora. Iazko txapeldun Demi Vollering (FDJ-Suez), aldiz, seigarrena da, 19 segundora. Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban 21 segundora daude. 2022an Itzulia lehiatzen hasi zenetik, atzokoarekin 11 etapa izan dira. Eta 11k SD Worxeko txirrindulariek irabazi dituzte. Hala ere, Bredewoldek lortu duen 12 segundoko abantaila ez dirudi nahikoa izango denik Itzulia eramateko, eta aski sufritu beharko du gaur, azken etapan. Iaz gertaturikoa ez errepikatzen saiatuko da; izan ere, iaz, lehenengo bi etapak irabazi ostean, azken etapan Vollering izan zen garaile eta Itzulia eraman zuen etxera. Hori bai, bi txirrindulariak talde berekoak ziren iaz; oraingoan bakoitzak bere interesak ditu. Etapa Donostian hasi eta bertan amaituko da gaur. Tartean, 112,6 kilometro korritu beharko dituzte, eta bidean Jaizkibel (1. mailakoa), Gurutze (3. mailakoa) eta Mendizorrotzeko (2. mailakoa) gainak izango dituzte oztopo.