MAY. 19 2025 Berri Txarrak Surflari ernegatua Ia oharkabean pasa ziren Euskal Herriko Surf Federazioaren zuzendaritza berria hautatzeko apirilaren 10ean egin ziren hauteskundeak. Irakurlea ondoko orrian argitaratu dugun artikulua irakurtzera gonbidatzen dut, baina laburbilduz, ofizialtasuna bultzatzeko sortu zen zerrendak galdu zuen, besteak beste, enpresa-elkarteek eta elkarte arruntek balio berdina dutelako. Balio bera du 20 bazkideko denda baten bozkak eta 600 bazkideko elkarte batenak. Alegia, elkarte asanbleario gehienek ofizialtasunaren alde bozkatu zuten arren, hauteskundeak galdu zituzten. Bi zerrenda aurkeztu ziren, bata ofizialtasuna bultzatzeko sortu zen. Elkarteetan haien programa aurkezten aritu ziren eta egin beharreko urratsak ongi zehaztuak zituzten. Hortaz, irabazi izan balute, hauteskundeen biharamunean bertan izango genuke ofizialtasuna eskuratzeko planaren berri; ISArekin harremanak nola sustatu, zein elkarte, eragile eta abokaturekin lan egin, eta abar. Baina ez zuten irabazi. Irune Agirre buru zuen zerrenda izan zen irabazlea, eta oraindik ez du plangintza aurkeztu. Iragarri duen gauza bakarra denbora batez isilik jarraitzeko asmoa da, eta gainera, ateak itxi dizkio hauteskundeak galdu zituen zerrendako kideek luzatu dioten elkarlanerako proposamenari. Patata beroa du Agirrek esku artean, baina aukera bikaina ere bai; ofizialtasunaren alde egiteko asmoa erakusten badu, Euskal Herriko surf elkarte, surflari eta beste diziplinetako kirolariak berekin izango baititu. Ordea, orain artekoari segida emanez, ezer egiten ez badu, Espainiako elkarte eta surflarien babesa izango du, eta baita Euskal Herriko zenbait elkarte, enpresa eta surflarirena ere, baina ofizialtasunaren aldekoak, derrigorrez, parean izango ditu. Hautatu egin behar du, momentu historiko honetan, ofizialtasunaren alde ez egitea kontra egitea baita. «Estabilitatea» da ofizialtasunaren kontrakoek etengabe erabiltzen duten aitzakia. Egonkortasuna mantentzen da zapalduak zapalduta eta isilik daudenean, baina zapaltzaileei aukera berdinak eskatzen dizkietenean, orduan, kaosa nagusitzen da. «Orekak ez du balio lurrean zaudenean» dio Berri Txarraken abestiak. Ezin hobeto datorkio Euskal Herriko Surf Federazioari, zeren behar duena ez da oreka, jada lurrean da, behar duena lurretik altxatzea da. Pilotariekin batera ofizialtasunaren alde urratsak egiteko une historikoa da, baina, dirudienez, EHSFk ez du ezer egin nahi, edo ez du presarik. Gustatuko litzaidake egun batean zutabe hau zuzentzeko idatzi behar izatea, oker nengoela aitortu eta barkamenak eskatu behar izatea, baina une honetan arriskatzea tokatzen zait, EHSFri bezala. «Orekak ez du balio lurrean zaudenean» dio Berri Txarraken abestiak. Ezin hobeto datorkio EHSF-ri, zeren behar duena ez da oreka, jada lurrean da, behar duena lurretik altxatu eta, pilotariekin batera, ofizialtasunaren alde lan egiten hastea da.