MAY. 20 2025 RESERVATET Pribilegioaren maskara hausten denekoa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Reservatet” (“Los secretos que ocultamos’) telesail danimarkarraren bihotzean au pair-en gaiak egiten du nagusiki taupadaka, baina egileek hautatu duten testuinguru mamitsuak begirada zabalago baterako leihoa irekitzen du. Kopenhageko iparraldeko auzo aberatsenetako batean girotuta dago, non Ruby, Filipinetako au pair gazte bat, desagertu egin den bat-batean. Pribilegioz betetako paisaia honetan, egoera zaurgarrian dagoen emakume baten desagerpenak sekretu ilun ugari azaleratuko ditu, eta gezurrez eraikitako egitura osoa dardarka jarriko du. Desagerpen horren atzean zer gertatu den apurka deskubrituko dugun arren, hasiera batean (gizonezko) poliziek ez diote lehentasunik ematen; erorketa hori barrenetik hasiko da; izan ere, Cecilie bizilaguna -hau ere aberatsa eta pribilegioz gainezka- desagerpenarekin obsesionatuko da eta perfekzioaren maskara pitzatzen hasiko da. Utzikeriaren horma grisaren aurrean, Aich izeneko ikertzailearen inplikazioa nabarmena izango da -«kasualitatea», emakumea eta arrazializatua-. Thrillerraren eta suspensearen harietan ehunduta, telesailak gizartearen zenbait zauritan piko egiten du: arrazakeria, matxismoa, langile migratzaileen errealitatea, lan esplotazioa, nerabeen sextinga eta klasismoaren egitura ikusezinak. Klixez gainezka dago, eta gidoitik jaiotzen diren zenbait pasarte brotxa lodiz idatziak daude baina, oro har, aztarna nahiko sakona uzten du. Algoritmoen garaiotan plataformetan nagusi diren thrillerretatik harago doan proposamena da. Narratiba inguratzailea eta antzezpen lan nabarmenak ditu eta oso erraz ikusten da. Entretenimendua eta kritika soziala uztartzen dituen edukia bilatzen dutenentzat ezinbesteko proposamena da.