GARA Euskal Herriko egunkaria

Inauteriak, Gonzalo Etxebarriaren eta Eliane Hegiaphalen begietatik ikusita

Kontaezinak dira Eliane Hegiaphalek Nafarroako inauterietara egin dituen bisitak. Euskal Herrian han-hemen egiten diren ospakizunen artean bereziki erakartzen dute Lantz, Ituren, Zubieta, Bera eta Lesakako festek. Altsasura ere joana da. Bertan ateratako irudien interpretazioa egin du Gonzalo Etxeberriak margo bidez. Bien lanak ikusgai daude ekainaren 28ra arte Donostiako Arteztu galerian, Hego Euskal Herrian egindako lehen erakusketan.

Eliane Hegiaphaleren agazkiak eta Gonzalo Etxebarriaren margoak, elkarri hizketan, Arteztu galerian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eliane Hegiaphalen argazkiak eta Gonzalo Etxebarriaren margoak elkarri hizketan aurkituko ditu bisitariak Donostiako Arteztu galerian. Sorkuntza berriak dira denak, azken urteotan onduak. Teknikaren eta espontaneotasunaren arteko orekan, hari finaren gainean dantzan dabiltza.

Irudien «benetakotasuna» azpimarratu du argazkilariak: «Basa maite dut, bortizkeria». Hogei urte daramatza Nafarroako inauterietara joaten. «Usu behar da joan, ez da aski behin egitearekin. Biziagoak dira beste leku batzuetan baino; bada arima bat», adierazi du. Zuberoakoak ere ez ditu ahaztuta, noski.

Herritarrek interesa pizten diote, nahiz «beti aurpegia tapatuta duten». Ikuspegi antropologikoa gailentzen da. «Ohiturak, tradizioak, festa... Anitz irakurtzen dut».

«Zinez maite dut bere margogintza, munstroak...», esan du, irribarrez, Etxebarriaren pinturaz galdetutakoan.

Zuri-beltzean egindako irudiak dira. Goyaren margoak datozkio gogora Iker Antiari, Arteztu galeriaren arduradunari. «Oso bortitzak dira, baita poetikoak ere».

Espresionismo abstraktuari lotu zaio Etxebarria bere ibilbide artistikoan. «Zailagoa egiten zait orain aurkeztu dituen obrak hitzetan jartzea», aitortu du Antiak. «Tripetatik ateratakoak dira, oso intimoak», esan du. Pintura akrilikoa erabili du. Kolore okreak, zuriak eta beltzak gailentzen dira margo batzuetan. Beste batzuk koloretsuak dira. «Kolore biziak izan arren, ez dira estridenteak, intimoak baizik», azaldu du Arteztu galeriaren arduradunak.

«Aspalditik elkar ezagutzen dugu. Elianek ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko inauteriak, bereziki Zubietakoak. Orain urte asko ikusi nituen bere argazkiak lehen aldiz. Biok elkarrekin zerbait sortzea pentsatu genuen», kontatu du margolariak. «Basatiak dira haren lanak. Hunkitu egin nau argiak. Basati mundua sentsibilitate handiz islatu du. Margoen bidez nire interpretazioa egiteko Gogoa nuen», adierazi du Etxebarriak. Erraza egin zaio Hegiaphalen argazkiak bere filtrotik igarotzea. «Nire sorkuntzan gaia aldatuz joaten naiz. Oraingoan ez nuen gehiegi xerkatu behar, Elianeren irudiek asko inspiratu naute. So egin eta konposizioa aldatzen da, baina esentzia bera da. Argazkien esentzia errespetatzen saiatu naiz, eta ohiko hizkuntzara tradukzioa egin. Aise moldatu nuen, izan ere badu indar anitz. Zuri-beltzak indar alimalekoa du argazkietan. Argiak, misterio hori... Nire interpretazioa libertate handiarekin egin dut, kontuan hartuz dramatismoa, kaosa, mistizismoa.. inauterietan beti gertatzen dena», azaldu du.

Inauterien errituaren jatorria nabarmendu du margolariak. «Erritua nondik datorren garrantzitsua da. Munduaren kontzepzioa du oinarrian. Populua da protagonista. Ez dago hierarkiarik, ordena sozial berria defendatzen du, herriaren hilezkortasuna. Izpiritualtasunari lotzen bagatzaizkio, zerua ez, baizik lurrean gertatzen dena da garrantzitsua: heriotza», esan du.