MAY. 24 2025 Bandaya Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Bandaya mugimendua D. R. Nagaraj eta Shudra Shrinivas idazleek sortu zuten 1974an. Indiako kannada hizkuntzan “iraultza” esan nahi du “bandaya”-k. Mugimenduak gizartearekin konprometitua den literatura bultzatzen du, bidegabekeria soziala eta ekonomikoari aurre egiteko. “Khadgavaagali kavya! Janara novige midiva pranamitra!” (Utzi poesiari ezpata bat izaten! Herriaren minari erantzuten dion adiskide maitea!). Horra kasta, klase eta erlijioan oinarrituriko jazarpena jomugan duen mugimenduaren leloa. Kideen artean Banu Mushtak dago, kannadatik ingelesera “Bihotz lanpara: Ipuin hautatuak” izenburuaz eta Deepa Bhashthik itzulitako bildumarekin Nazioarteko Booker saria jaso berri duen idazlea. “Bihotz lanpara”-k biltzen dituen hamabi ipuinek India hegoaldeko komunitate musulmanetako nesken eta emakumeen egunerokotasuna azaltzen dute. Mushtakek ondo ezagutzen duen gaia da, komunitate horietako batean hazteaz gainera, hango emakumeen eskubideen alde aritu baita kazetari zein abokatu gisa. Nazionalista hinduek zein islam patriarkala defendatzen dutenek behin baino gehiagotan eraso egin diote. Testuak zentsuratu dizkiote, eta idazleak “gizarte boikot” bati ere aurre egin behar izan dio ikasle musulmanek eskolan hijaba eramateko eskubidea defendatzeagatik eta emakume musulmanak meskitan sartzeko eskubidea babesteagatik.