MAY. 25 2025 ZORROZTARRIA Tirriteritik idorrerira eta buelta! Julen MURGOITIO Aste honetan, ustez hainbat norabidetan ei doan osasun itunaz ezer gutxi irakurri dut. Hala ere, kolpea gero! Osasunaz asko irakurri, eta entzun ere bai! Bai, Lakuako koalizio gobernuaren osasunaz. Antza, ez zen koalizioko inor larrialdietara eroan behar, anbulantzia falta edo. Antza ere, familiako mediku faltan, mutuakoa bera hurbildu zen Lakuara eta di-da batean diagnostikatu zuen balizko gaitza: hotzeria da! Arraroa egin zait, han korronte handirik ez dabil-eta. Baina, tira, holakoxeak izaten dira komenientziako bikoteen hartu-emanak, tirriteritik idorrerira eta hemendik hara segituan. Total, hotzeria! Berrerabilitako mukizapi batzuk banatu, ahoa bizi, sudurra prest eta hori nahikoa ez bada, horra! Zetamoletarako bat! Eta akabo errieta! Ohera! Gainera, gerora begira, gaitz erdi, berotze globalaren bidean gaudela hotzeria gutxiago! Eta kolpetik kolpera! Euskal Herria den puzzlearen mendebaldeko piezako hiriburuan, orain urte batzuk Europako hiriburu berdea izan zen horretan, gaur arrazoi gehiago izango lirateke izendapen horretarako orduko hartan baino: berde baino berdeago dago, nonahi. Eraztun berdea bai, baina zentro aldea bera ere bazterrekoa bezain berdetsu. Belarra hazi egiten den seinale! Hotzeririk ez hor! Baina ez, ez da berotze globalaren ondorioa, sektoreko langileen greba luzearena baino. Grebarako parte bat nahikoa da; itunerako, ostera, parte guztiak behar, kasu honetan udala bera ere funtsezko, udal-zerbitzua izanda. Soropil pribatuak ez dezala belar publikoa baldintzatu! Eta unibertsitateak albiste! Hemen EHUk utzi egin dio bigarren sigla izateari; akabo upv! Lurralde puzzlea osatu behar orain! Hango Harvarden, Etxe Zuriak ikasle kanpotarrei ezarritako bestelako muga-zergen zama hasi dira pairatzen. Eta bitartean, Gazan Gazakoa.