JUN. 01 2025 ZORROZTARRIA Elikagaiak hilgarri! Julen MURGOITIO Aspalditik pentsatu izan dut hiztegia, berdin da zein hizkuntzatakoa, bizia ez bada, hots, bizia ez badugu egiten, kontzeptu hilen biltegia dela, hitz antzuen hiltegia, ilustratua balitz ere! Hortaz, hitzak edukiz bete behar ditugu, eta edukiok lantzean behin eguneratu, badaezpadakoan, hitzak huts utz ez ditzagun, hitzak haizeak eroan ez ditzan… are gehiago kontuan hartuta klimaren gure aldaketak presio gradiente gero eta handiagoak sortzen dituela han-hemengo lurraldeetan, eta ondorioz noraezeko haize bortitzak ere… Jakinminez jo dut eguneratu gabeko hiztegi batera, elikagaia ustez zer den hitzetan irakurtzeko. Hara! «Elikatzen duen gaia, adiera zabalean; bizidunok elikagarri duguna, hazteko, bizirik eta osasuntsu segitzeko eta ugaltzeko». Osasuntsu bizitzeko… Eta begiratzen hasita, ura bera bizitza dela, elikagarria, leitu dut hitzetan; kolpea bada ere, nire kasuan behintzat, ia ahaztuta neukan uraren dimentsio hori, nire inguruko txorrota guztietan ur jarioa denez… Hiztegiko letrak utzi eta prentsako letretara jo dut. Gazan elikagaiak bizigarri ez baizik hilgarri direla ikusi dut, argazkietan ikusi testuan irakurri baino krudelago. Jan bila joan hiltegira, benetako putreak besteak direnean, lehengo mertzenarioak oraingo sorosle bihurtu dituzten genozidak. Balak batzuen bizigarri, janak besteon hilgarri. Minbiziak hartuko balitu sikiera hango putre eta kolono guztiak! Hori bai biodibertsitatearentzat onura! Eta ura bizigai? Bai zera, itsasoa kanposantu, hori bai, iraunkorra! Amestutako kosta eskuz ukitu eta bat-batean pisu gradienteaz kaiukoa irauli, airea urez bete eta bizigarri behar zena hilgarri bihurtu. Ur bizigaian ito! Eta ekonomia zirkularraren adibide berri bat, arrantzaleak gorpuen arrantzan… Eguneratu ezean, pikutara hiztegia!